Kale izendegiko proposamen berriak herritarren esku daude

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 7a, 12:36

Urriaren 15era bitarte herritarrek aldaketak egiteko aukera izango dute udaletxean

Herriko kale izendegi berritzeko asmoa dute Berastegin. Dokumentuari uztailean egindako ez-ohiko osoko bilkuran behin-behineko onarpena eman zioten, baina orain, hamabost eguneko epea zabaldu dute herritarrentzat, etxebizitzei eman zaien izendapena egokia iruditzen zaien ikusi ahal izateko. Ikusgai dago jada eta urriaren 15era, udal bulegoetan egongo da proposamena. 08:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera. Hala ere, herritarrek eskainitako ordutegian joateko aukerarik izango ez balute, udal bulegoetara deitu dezakete edota web orrian idatzi eta beste ordutegi batean zabalduko litzaioke udaletxea.

Amaia Azkue alkateak azaldu bezala proiektua «aurreko legealdian» jarri zuten martxan, «etxe bakoitzaren helbide zehatza markatzeko beharra» ikusten zutelako. Zerbitzu ezberdinak eskaintzerako orduan (posta, larrialdi zerbitzuak, paketeak...), etxebizitza bat aurkitzeko beharra zegoenean, «arazo hori» aurkitzen zutela dio Azkuek.

Horregatik, aurreko legealdian «bi edo hiru bilera ireki» egin zituzten herritarren proposamenak jasotzeko, esaterako, kaleei izenak ezartzerakoan. Izan ere, kale gutxi batzuk izena ezarria bazuten ere, «gehienei» izena falta zitzaien.

Bilera ireki horietan herritar ezberdinek parte hartu zuten, eta prozesu «polita» izan zela dio Azkuek. Aipatu bezala, uztaileko ez-ohiko plenoan eman zitzaion onarpena, eta orain herritar guztiei beraien etxebizitzari jarri zaien proposamena ikusteko aukera ematea «egoki» ikusi dute. Horrela, herritarrek «aldaketak egiteko aukera» izango dute. Horregatik, Azkuek herritarrak proposamenak ikustera joatea «animatzen» ditu.

Hurrengo pausoak

Aurrera begira, hamabost eguneko epea igarota, aldaketak egongo balira, berriro ere plenotik pasa beharko litzateke proposamena aldaketekin.

Hortik aurrera, udalak «Eustatera eta beste hainbat erakundetara» bidaliko luke informazio berria. Etxebizitzetara, berriz, udalak bidaliko luke informazioa, eta horiek beste erakunde batzuei jakinarazi beharko die etxebizitzaren izen berria. Horrez gain, herrian zehar seinaleak jarriko dituzte kale bakoitzarekin izenarekin.

Aldaketa «beharrezkoa»

Herritarrek hasieratik proposamena «ondo» jaso dutela dio Azkuek: «Interesgarria eta beharrezkoa zela ikusten zuten herritar askok». Izan ere, herritar askok zalantzak zituzten helbideen inguruan.
Duela urte batzuk Tolomendik, «batik bat baserriei» zuzendutako izendapena egina zuen, baina baserrietara joateko bideek edo kaleek ere izendapen bat izatea «beharrezkoa» dela uste du Azkuek. Halaber, baserriez gain, bestelako etxebizitza mota batzuk ere badaude Berastegin, eta horiek ere izendapen bat izatea beharrezkoa dela uste du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!