Berastegiko Udalak euskara ikastaroak antolatu ditu

Maier Ugartemendia 2015eko irailaren 22a

Udalak diruz lagunduko ditu ikastaroak eta izena ematekoa epea zabalik dago jada

Berastegiko Udalak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, 2015-2016 ikasturterako euskara ikastaroak eskaintzea erabaki du. Berastegi udalerri euskalduna da eta 2014ko ekainetik UEMAko kide da herria.

Horregatik udalak euskarari eta euskararen ezagutzari garrantzia eman nahi dio eta euskara ikasteko erraztasunak eman nahi ditu: «Gurea bezalako herri euskaldunetan, euskara ezagutzeak duen garrantzia kontuan hartuta, ahalegin berezia egin nahi dugu herritarroi euskara ikasten edo hobetzen erraztasunak ematen».  

Horretarako guztirako udalak euskalduntzeko behe, erdi eta goi urratsetako ikastaroak eskaintzeaz gain, bereziki atzerritarrei zuzendutako AISA harrera ikastaroa ere eskainiko du.

Udalak jakinarazi duenez, ikastaroak herrian bertan emango dira, eta gainera, diruz lagunduko dituzte. Gauzak honela, interesa duen orok irailaren 28ra arteko epea izango du ikastaroetan izena emateko, eta ondoren, izena emandako guztiei bilera baterako deia egingo zaie.

Hala ere, informazio gehiago nahi duenak udalera joan edo deitu dezake, 943 68 30 00 telefonora; edo kultura@berastegi.eus helbidera idatz dezake.  

Ekimen honekin, herritarrak euskararen normalizazioan «urratsak» ematera gonbidatu nahi dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!