Berastegiko jaiak 2015

"Itsasorik gabeko natura dut gustuko"

Irati Saizar Artola 2015ko abu. 7a, 10:44

Maria Jesus Urteaga berastegiarraren erakusketa egongo da ikusgai Berastegiko San Lorentzo jaietan. Gaurtik hasi eta datorren asteartera bitarte. 

Herri txiki bateko artista txikitzat har daiteke Maria Jesus Urteaga. Eskulanak egiteaz gain, margolanak egitea ere gustuko du. Berak duen afizioa "burutu gabe geratutako irakasgaitzat" duela azaldu du. 

Ze erakutsi nahi izan duzu marraztu dituzun koadroekin?

Beti izaten dugu aukera koadro abstraktuak edo errealak egiteko. Batzuk natura hautatzen dute, beste batzuk itsasoa. Niri gehienbat natura gustatzen zait, baina, itsasorik gabe, nahiz eta erakusketan baditudan itsasoaren irudiak. Inguruak, baserriak, eta errekak ditut gogokoen. Baina pixka bat denetatik egiten dut. Abstraktua ere egin izan dut koadro batzuetan. Tartean, Berastegiko borda batzuk marraztu ditut. Neronek ateratako argazkietatik egin ditut. Eta besteak liburuetatik ateratako paisaiak eta lekuak dira.  Aukeraketa bat egin behar izan dut etxean neuzkan koadroetatik  eta gehien gustatu zaizkidanak aukeratu ditut.

Herrian jartzeak zer suposatu du zuretzat?

Poza handia. Pozgarria da niretzat herriko jendeak  hori egiten dudala jakitea eta egiten dudana erakutsi nahi izan dut. Nire helburua ez da koadroa saltzea. Saltzen bada zerbait, oso ondo, baina, bestela, nire helburua jendeari egiten dudana erakustean datza. Gainera, ikusgai egongo den denboran, herriko festetan, jendearekin egoteko aukera izango dut eta hori oso aberasgarria da niretzat. Luis Erasoren egur lanekin eta Gaztainondo Elkartean urte guztian egin dituzten eskulanekin batera daude nire lanak eta txandakatuz ibiliko gara egin duguna erakusten. Udaletik deitu eta aukera hau eskaini zidatenean sekulako poza hartu nuen, izan ere, gainontzean ez dut inoiz erakusketarik egiten. Tailer batzuetara joaten naiz eta Aranburu Jauregian jartzen dugu erakusketa.  Aurten nire bi koadro egon diren arren, ez da berdina.

Non pintatzen dituzu koadroak?

Tolosako kultur etxean. Azken finean, etxean margotzeko, materiala ere etxean eduki behar duzu. Akuarelak urarekin pintatzen dira eta erraza da alde batetik bestera trasteak mugitzea, baina, mihisean oleoa pintatzeko, agoarrasa, pintura handiak eta dobleko gauzak behar dira. Astean bi arratsaldetan joaten naiz Tolosara. Lau urte daramatzat  tailerretara joaten . Gustura joaten naiz, zere, inork ez digu esaten zer eginbehar dugun, bakoitzak nahi duena egiten dugu.

Josi, margotu, eskulanak egin. Denetik egiten duzu eta lanik ez zaizu falta.

Askotan denbora da faltatzen zaidana. Esaten duzu, bueno, jubilatuta nago eta denbora asko daukat, baina, gauza guztien mendera erortzen naiz eta guztia egiteko denbora falta zait.

Nondik datorkizu afizio hori?

Nire aita oso marrazkilari ona zen. Denbora hartan, Escuela de Artes y Oficios zegoen Tolosan eta berak tinta txinatarrarekin eta lumarekin egiten zituen. Oso gauza txikiak, detaile handikoak. Oso mendizalea zen eta egiten zuten irteera guztietako aipamenak idazten zituen makinaz eta bukaeran, beti, marrazki bat txertatzen zion txuri-beltzean. Eta ni beti horren inbiditan. Neretzako beti izan da burutu gabe geratu zaidan irakasgaia. Txikia nintzela, mojetan ikasi nuen eta beti esaten zidaten oso esku ona nuela eta hori landuz nonbait hasteko. Baina, nire gurasoek hortik ezin zitekeela bizi argudiatuta ezin izan nuen jarraitu. Horregatik esaten dut beti burutu gabe geratu zaidan gauza bat izan dela. Barruko grina hori  asetzen saiatzeko, orain dela hamabost urte hasi nintzen Jose Luis Longaron eta Iñaki Epelderekin marrazketa lantzen. Bi urte egin nituen, urte batean olio-pintura landu nuen eta bestean akuarela. Gustura nenbilen eta jarraitzeko gogo handia nuen, baina, gaixotu egin nintzen. Etxe eta herri aldaketa ere garai hartan tokatu zitzaizkidan eta ilobak ere urte haietan jaio ziren. Baina, berriro indarrak hartu eta berriro ekin nion duela lau urte.

Sormen handiko emakumea zarela dirudi.

Egia esan ez. Niri neure garaian ez zidaten utzi nik nahi nuena sortzen, kopiatzen soilik irakatsi zidaten. Ni momentu honetan eta nire adinarekin ez naiz kapaza sortzeko. Ahaleginak egin izan ditut natura hala pintatzen saiatuz, baina, ez, ezin izan dut. Beharbada gazteago hasi izan banintz, eta jarraipen bat izan banu, baino marraztu behintzat ez. Gero beste gauzak, eskulanak adibidez, horiek bai egiten ditudala kopiatu gabe. Marrazkiak hartu, koloreak aukeratu eta dauzkadan trapu puska guztiak aprobetxatuz gauza berriak bururatzen zaizkit eta gauza koloretsuak eta nahiko politak ateratzen dira.

Egiten dituzun gauza guztiak zerrendatuko zenituzke?

Marrazteaz gain, jertsetxoak, galtzerdiak, eskularruak, eskuzorroak, txapelak eta bufandak egiten ditut. Baita, gortina, toalla, izara eta kamisetetan jartzeko parpailak ere, batzuk  kolore zuriarekin eginak eta beste batzuk oso koloretsuak. Askotan esaten didate makina bat naizela, baina, niri egunak gauza asko egiteko denbora ematen dit eta hori 9etan jaiki eta 22:30ean ohera sartzen naizela kontuan hartuta. Ez dut ordea arratsalde guztia gauza bakarra egiten pasatzen, tartekatu egiten ditut. Gero, egiten ditudan gauza batzuk Berastegin San Martinetan ospatzen den urteroko azokan saltzen ditut eta beste batzuk oparitu egiten ditut. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!