Euskararen osasunak kezka sortu du Berastegin

Ataria 2015eko maiatzaren 27a

Ezagutzak %95etik %80ra egin du behera; lantalde bat osatu dute neurriak hartu ahal izateko

Larunbatean euskararen arnasguneei buruzko tailerra egin zuten Berastegin. Uemak proposatuta egin zuten, euskararen erabilerak nolako osasuna duen aztertu eta erabilera hori areagotzeko zer egin daitekeen jorratzeko. Bileran 7 pertsonak hartu zuten parte, tartean Mirari Saizar Kultura zinegotziak. Uemako Xabi Aizpurua Ugarte eta Goizane Arana Arexolaleiba teknikariekin batera, lehenik eta behin, euskarak Berastegin duen osasunaren inguruko azterketa egin zuten. Mirari Saizarrek azaldu duenez, Berastegiko ahulguneak definitu zituzten eta ateratako ondorio nagusia izan zen azken 20-30 urteetan euskararen erabilerak eta ezagutzak aldaketak izan dituela. «Berastegin euskara nagusi izatetik, beheraka egin du. Duela 30 urte Berastegin %95a euskalduna zen eta beraz, lehen hizkuntza zen, eta gaur egun, %80ra egin du behera euskararen ezagutzak. Guztiontzat euskara ez da lehen hizkuntza gaur egun, eta beldur gara erabilerak ere behera egin ote duen. Kuadrilla batzuetan euskara ez da lehenesten den hizkuntza», esan du zinegotziak.

Dena den, ezagutzaren galerak ez ditu berastegiarrak ustekabean harrapatu, kanpotik jendea ere iritsi baita herrira eta horrek «ekidin ezin daitekeen ondorioa ekarri du», gehien larritu eta harritu dituena erabileraren beherakada izan da.

Horrekin jabetuta, Uemako teknikariek berastegiarrak hausnarketa propioa egitera animatu zituzten: «Joera horri neurria hartu behar ote zaion hausnartu behar dugu eta neurriak hartu behar badira, nola egin ikusi». Hainbat ideia jarri zituzten mahai gainean, baina lehenik eta behin, ezinbestekoa da euskaldunak egoeraz jabetzea eta horren aurrean «harrotasun puntu batekin» euskararen aldeko eta euskara erabiltzeko «hautu irmoa» hartzea. Hori egiteko Uemako teknikariek hainbat ideia eman zizkieten: kontzientziazioa bultzatzeko sentsibilizazio kanpainak abiaraztea, whatsapp bidez euskararen aldeko mezuak zabaltzea, ostalari eta merkatariekin batera kanpainaren bat egitea...

Oraingoz taldea osatu dute eta lanean jarraituko dute. Larunbateko tailerrak emandakoarekin Uemak osatuko duen txostena aztertuko dute eta bigarren saio bat egingo dute jarraitu beharreko bidea zehazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!