Loturik dantzatzea debekatuta

Euskaldunak oso dantzariak ez direla esaten da, baina ez dira urte asko igaro zenbait herritan dantza lotua egitea onartu zutenetik. Hain zuzen ere, 50. eta 60. hamarkadan hainbat herritan protestak egin behar izan zituzten udalek dantza lotua edo el agarrado dantzatzeko jarritako debekuagatik. 

Berastegi izan zen herri horietako bat. Bertako gazteek hainbat eskaera egin behar izan zizkioten udalari euren helburua lortzeko. Garai hartako debeku eta gora-behera ezberdinen inguruko artikulua argitaratu zuen Jose Luis Egañak, urtero Aldin kultur elkartean argitaratzen duen Aidanen aldizkarian.

Artikulu hau idazteko ideia udaleko artxiboetan sortu zitzaion Egañari: «Han herriko gazteek egindako idatzi bat aurkitu nuen, herriko festetan udaletxeari dantza lotua egiten uzteko eskatzen zioten». Herriko jendeak sinatutako agiri hura aurkitzean, gaia «oso kuriosoa» eta «interesgarria» izan zitekeela pentsatu zuen, eta dokumentazio lanari ekin zion, gaian sakontzeko. Udaleko artxiboez gain, internetez ere «informazio txukuna» atera zuela dio Egañak. Lan pixka bat eman zion arren, ez zela «oso zaila» izan dio.

Bere lanean Egañak azaltzen du XVIII. mendean dantza lotuaren inguruko jarrerak gogortu egin zirela, konturatu zen ez zeudela «ondo ikusita»; bai «elizagatik» eta baita «agintari zibilen» aldetik ere. XX. mendean gazteriak baltsak edo bestelako dantza lotuak dantzatzeari ekin zion, baina agintariak ez zeuden ados dantza haiek baimentzearekin, «moralgabea» eta «itsusia» zela esaten baitzuten.

Informazio gehiago biltzen joan zen heinean, Egaña konturatu zen Berastegin izandako gora-behera antzekoak bizi izan zituztela beste hainbat herritan ere. Hernanin, esate baterako, plaza batean egiten zen dantza lotua, baina horretarako ezinbestekoa zen «txaketan txartel bat jartzea». Txartela zutenek, ordaindu egin behar izan zuten dantza lotua dantzatzeko: «Tiketa ez zuena plazatik ateratzen zuten». Guzti hori 40. hamarkada inguruan gertatu zen.

Berastegin debekuari eusten

Berastegin ere hamarkada hartarako gora-beherekin zebiltzan. Egañak 1945eko azaroaren 20ko udal agiri batean aurkitu zuen Gasteizko Gotzaindegitik gutun bat bidali zutela Berastegiko Udalera. Bertan udalari eta orduan Elduko irakasle zen Josefa Perez irakasleari kargua hartzen zioten, festetan «elizako aterpean» eta «eskolako lokaletan» dantza lotua egiten zela jakin zutelako. Egañak ez daki albistea nola iritsi zen Gotzaindegira, baina udalari bidalitako gutunean «gehiago ez zedila errepikatu» agindu zion. Udaletxeak irakasleari ere kargu hartu behar izan zion.

1959. urtean jada Berastegi inguruko beste herri batzuetan legeztatuta zegoen dantza lotua: Bedaio, Amezketa, Tolosa... baina Berastegin ez. Eta handik urte batzuetara ere, 1964. urtean, udal agirian dantza sueltoa «herriko dantza bakartzat» aipatzen du udalak. Ordurako, Egañak aipatzen duenez «jendea hasita zegoen dantza lotua baimentzeko eskatzen». Ordurako, plazan dantza lotua dantzatzeko debekua bazegoen ere, plazan bertan zegoen tabernan, Kakon, «dantza lotua egiten zen». Iganderoko erromerian akordeoi jotzailea egoten zen, eta udalak bere erabakia berresteko asmoz «arau bat jarri zuen igandetan dantza sueltoan egin behar zela esanez», eta dantza lotua edo el agarrado debekatuta zegoela gogoraraziz.

Udalaren debekuen aurrean, herriko gazteak «tabernara edo beste herrietara» joaten ziren dantzatzera, orduan hori baitzegoen «modan». Herriko gazteek hainbat saiakera egin zituzten herrian dantza lotua baimendu zezaten, eta gurasoak ere batu zitzaizkien protesta hartara «umeak beti kanpora» joaten zirela salatuz. Azkenean, hainbat gazte elkartu eta udaletxeari gutun bat idaztea erabaki zuten. Herriko gazte askok sinatu zuten gutuna, eta udalera ere joan ziren sinadura haiek egiazkoak zirela erakustera. Udala ez zegoen ados, eta horrela adierazten du garai hartako hainbat agiritan, baina 1966ko uztailaren 22an plenoan aurkeztu zen gazteen agiri hura eta azkenean «onartu egin behar izan zuen» udalak. Egañaren ustez, hainbeste sinadura lortzeak «indarra emateko» balio izan zuen, eta euren helburua lortzeko balio izan zuen. Hala ere, onartutako agirian argi eta garbi azaltzen dute «dantza lotu bat eta beste bat askea» izango dela, txandatuz. Egañaren ustez, erabaki honekin festei indarra emateko asmoa ere bazuten, «festak indarrak galtzen ari zirelako».

Aidanen aldizkarian argitaratutako artikuluaren ostean, Egañak gutun hura sinatutako zenbaitekin hitz egiteko aukera izan du, eta berari adierazitakoaren arabera gehienak jada «ahaztuta zeukaten nola gertatu zen». Gazteek, berriz, ez zekiten «ezer». Hala ere, jende askok «poza» hartu omen zuen artikulu hau irakurtzean. Jende askok gertatutako ezagutzen ez zuenez «harrituta» geratu dira orduan herrian bizitakoarekin.

Edonola ere, gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiago Jose Luis Egañak idatzitako artikuluan bertan aurki daitezke; bertan agiri ofizialetatik hartutako pasarteak ere irakurri daitezke. Euskaraz eta gazteleraz ere aipatu nituen testuak zeren lehen idazten zen bezala, toke berezi bat dauka. Artikulu osoa berastegi.com webgunean aurki daiteke, Aidanen aldizkariko 11. alean irakur daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!