«Ondare ez materiala mantendu behar dugu identitatea ez galtzeko»

Urkiri Salaberria ondare ez materialean doktore da, eta ondare mota hori babesteak duen garrantziaz hitz egingo du bihar Berastegiko udaletxean egingo den tailer batean

Ondare ez materialen inguruan gero eta gehiago hitz egiten da, baina oraindik ere ez da asko ezagutzen eta lantzen gaia. Bada zer den azaltzeko eta ondare mota horrek duen garrantziari buruz hitz egiteko tailer bat izango da bihar, 19:30ean, udaletxeko balioanitzeko aretoan. Tailerraren ardura Urikiri Salaberriak (Cadiz, 1975) izango du, bera Arte Ederretan lizentziatua eta EHUn Ondare ez materialean doktorea da.

Zer ikusi eta ikasi ahal izango da bihar, Berastegin izango den tailerrean?

Hasteko ondare ez materiala zer den azalduko dugu; zeren azken boladan hasia da entzuten ondare ez material horren atzean zer dagoen, eta gero batez ere herrian bertan dauzkaten balio guzti horiek agerian jartzen saiatuko gara.

Zer da ondare ez materiala?

Azken finean, izena edo izendatzeko modua da ezezaguna, baina gure egunerokotasunean guztiok daukagun zerbait da. Ondare ez materiala bezala ulertzen ditugu, gure ohiturak, gure kantak, gure jateko erak, gure izaera. Baina guzti hori herri bezala dugun nortasunarekiko. Adibidez, gu momentu honetan euskaraz ari gara hizketan. Hitz egiten ari garen modu hori, dauzkagun hitzak, estrukturak eta gauzen ikuspegiak ondare ez materiala lirateke. Hau da, gu bezalakoak zein diren eta herri bezala batzen gaituena itsasgarria litzateke ondare ez materiala.

Berastegin ere ba al dago ondare ez materiala?

Nik uste badutela noski! Toki guztietan egin behar dugu arkeologia lana. Ez guztiok ulertzen dugun bezala, lurrean aztarnak ateraz. Ondare ez materiala guztiok  batzen gaituen espazio bat da.  Jendeari erakutsi egin behar diogu badagoela zerbait, baita Berastegin eta etxe bakoitzean ere, ondare ez materiala dena. Gertatzen dena da agian, globalizazioarekin eta, galtzen ari garela nabarmentzeko gaitasuna. Euskalduna izatea zer den galdetzen digutenean, jendeak agian ez du bat-batean botako zeintzuk diren gure baloreak. Azken finean, baloreak identitatearekin oso lotuta daude eta saiakerak egingo ditugu hainbat herritan, norberak (talde eta herri bezala) dauzkagun ezaugarriak balioan jartzeko.

Nola egin daiteke jendeak balore hori baduenaren kontzientzia hartzeko?

Garrantzitsua da konturatzea norbera dela ondare ez materialaren ontzia. Desberdintasuna da ondarea bera zer den. Zeren materiala guztiok ezagutzen dugu eta erraza egiten zaigu ulertzea elizak, margoak, eskulturak, liburuak, etab. gure ondare direla. Baina, horren atzetik dagoena litzateke ez materiala. Ez materialaren ezaugarria da gizakia bera dela euskarria. Ez da ezin dela ukitu, baizik eta barruan eramaten dugula. Zer egiten dugu? Agerian jartzen dugu barnean eramaten dugun hori. Nola? Kontakizunen bitartez, galderen bitartez... Jendeak kontziente izan behar du, adibidez, amak egiten zuen baratxuri zopa hori funtsezkoa dela mantentzea.

Zergatik da garrantzitsua?

Belaunaldiz belaunaldi egin izan ditugu halako keinuak, normalki keinu horiek badute zerbait sakonagoa, behar baten erantzuna dena eta naturarekin lotzen duena. Horregatik mantendu behar dugu, gure identitatearen aztarnak ez galtzeko. Adibidez, Astigarragan sagar pila bat ikusten dira, sagardotegiko munduak mantendu duelako. Baina, sagardogintza egongo ez balitz agian, hemen Golden sagarra bakarrik ezagutuko genuke. Hori horrela balitz geza-mina, gazi-garratza edo gazitua bezalako hitzak, sortu direnak euskaldunak gai izan garelako zapore horiek ezberdintzeko, galdu egingo lirateke. Guk elikagai batzuk jaten ditugu eta gure aho sabaia zapore eta testura batzuetara egiten da. Urteetan euskaldunok esan dugu, esaterako, angulak zoragarriak direla, gure sagardoa gustatzen zaigula eta bakailaoa jateko erak halakoak. Horrekin batera hiztegi bat sortzen da, eta hiztegi horren bitartez gure seme-alabei transmititzen diegu gure arbasoek erakutsi dizkiguten nortasun horretan zer gauza diren goxoak eta nolabait ezberdintzen gara besteetatik. Baina, garrantzitsuena da batzen garela gustu horietan. Gustu horiek gastronomian eta hizkuntzan dute eragina. Eta zergatik hitz egiten dugu hain gustura gure hizkuntza? Batzen gaituelako. Zergatik edaten dugu hain gustura gure sagardoa? Batzen gaituelako. Herri bat sentitzen garelako, identitate batekin. Orduan, herri bakoitzean ohitura batzuk daude, hizkera berezi batzuk. Guk herri bakoitzean, pertsona bakoitzari esaten diogu: aizu! funtsezkoa da zuk egiten duzuna gure identitatea mantentzeko. Zeren gure euskaldunen identitatea ezin da sailkatu hiru kaxetan. Bakoitzak aniztasun bat dugu eta aniztasun horrekin lortzen dugu gure identitatea egoera onean egotea. Guk biodibertsitatea aplikatzen dugu gure ohituretan, kantuetan... Nire lana da jendeari erakustea barnean eramaten duena funtsezkoa dela.

Nola zaindu eta mantendu daiteke ondare hori?

Kasu honetan ez da instituzioek diru bat jartzea, zeren ni berriztatzailea naiz Arte Ederretan, eta han objektu bat jartzen da museo batean eta hor esaten dugu babesean jartzen dugula. Gure ondare ez materialak daukan zailtasuna da norberaren baitan dagoela. Nire lana da bakoitzari ardura piztea zaintzeko norberak daukana. Eta pentsa zer nolako lana den! Zeren hemen ezin da disolbatzailea eta berniza erabili. Hemen benetan piztu behar dugu norberaren bihotzean daukagun eta gure arbasoekin harremanetan jartzen gaituen zatitxoa. Eta ilusioa piztu gure seme-alabei hori transmititzeko.

Horregatik tailer horietan saiatzen zarete jendeari transmititzen horrek benetan daukan garrantzia, ezta?

Bai, noski! Azken finean, beste lanetan badauzkagu bestelako tresnak erabiltzea, baina kasu honetan funtsezkoa da jendea konturatzea norberaren zatitxo hori beharrezkoa dela. Hemen ez dago bata, bestea baino garrantzitsuagoa. Dena da funtsezkoa. Gero, badauzkagu pertsona batzuk ofizioak edo jakinduria berezi bat jaso dituztenak; horiek bereziki zaindu behar dira, eta gehienetan adineko jendea izaten da. Etxeetan ere galtzen ari da elkarrekin egoteko zegoen ohitura eta familiako istorioak ezagutzekoa. Adibidez, aitonak nola ezagutu zuen amona, amona zein baserritakoa zen... Izan ere, horrela mantendu izan da urteetan, eta gaur egun ia gure gurasoak nola ezagutu ziren ere ez dakigu. Asko dakigu sare sozialen bitartez Australiako ez dakit zeini buruz, baina galdu dugu gozamena elkartzen garenean, elkarren berri emateko.

Behar besteko garrantzia ez zaiola ematen iruditzen al zaizu?

Galtzear dago. UNESCO nazioarteko erakunde bat da, eta bertatik jada etorri da arreta jartzeko eta gauza horiek zerrendatzeko beharra; baita larrialdizko ekimenak egiteko beharra ere. Hortaz funtsezkoa da arreta jartzea, baina zailena da bat-batean sinestaraztea norberari bere eskuetan dagoela. Baina, ondare materialarena bai badagoela pertsona bakoitzaren eskuetan. Ezin dugu eraikin bat egin hori gordetzeko. Hortaz, erronka polita da. Hitza hitz esaera aipatzen dut nik beti. Euskaldunon ohitura izan da beti gure hitzekin behar izan den tokira joatea, eta gaur egun badirudi hori galtzen ari dela.

Hortaz, berastegiarrei erronka garrantzitsu bat jarriko diezu esku artean, bihar.

Noski! Etortzen diren guztientzat nik uste dut polita izango dela beraien artean konturatzea herrian zer altxor dauden, zeren herri guztietan badira altxorrak. Begiekin ezin ikus daitezkeenak, bihotzarekin ikusi behar baitira. Hortaz, saiakera hori egingo dugu. Bihotzarekin ikusterik badagoela berrerakusten saiatuko naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!