Berastegiko Udalak 2015eko aurrekontua behin-betiko onartu du

Maier Ugartemendia 2015ko ots. 11a, 09:00

Plaza istea eta herriko irisgarritasuna hobetzea izango dira 2015eko inbertsio nagusiak

Berastegiko Udalak behin-betiko onartu berri du 2015erako aurrekontua. 2014ko abenduaren 30ean egindako osoko bilkuran eman zion udal taldeak onarpena, eta Aldizkari Ofizialean agertu ondoren, eta alegaziorik jaso gabe, behin-betiko onarpena izan dute.

Amaia Azkue zinegotziak azaldu bezala, «1.110.000 euro pasatxoko aurrekontua» onartu dute. Azkuek azaldu duenez, aurrekontuetako zatirik handiena «udaleko pertsonal gastuek» eta «herriari dagozkion eraikinen mantentzean» joaten da; zehazki, «700.000 euro pasatxo». Beste zati «garrantzitsu bat», berriz, eskualdeko erakunde ezberdinetan gastatzen dute: «Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeko Hondakinen Mankomunitatea, Tolomendi...». Horrek 100.000 euro inguru gastua suposatzen du udalarentzat.

Inbertsion atalean ere «ia 200.000 euro» dituzte, aurten egingo dituzten proiektuetan inbertitu ahal izateko. Inbertsioetarako «nahi baino diru gutxiago» izaten dutela dio Azkuek, beste inbertsio batzuk ere «gustura» egingo lituzkete. Hala ere, aurten «gustura» daude, zeren iaz abiatu zuten herrian liburutegia martxan jartzeko proiektua, eta iazko aurrekontuetan bertako 180.000 euroko inbertsioa sartu zuten arren, aurten gauzatuko dute gastu hori. Proiektua gauzatzeko lehiaketa jada egina dute eta enpresa esleitu zuten. Hortaz, epe motzean lanekin hastea espero dute eta apirila edo maiatzerako amaituta izatea espero dute. Ondorioz, aurten ezarrita dituzten proiektu guztiak gauzatuz gero, «inbertsio garrantzitsuak» egiteko aukera izango dute.

Plaza eta irisgarritasun plana

2015erako aurreikusten dituzten inbertsioen artean, herriko plaza ixtearenak izango du «zatirik handiena».  Proiektuaren lehen pausoak emanak dituzte, eta datozen hilabeteetan aparkaleku berri bat eraikiko dute, plaza ixterakoan kenduko diren aparkalekuen ordez. Lan horiek 90.000 euroko kostua izango dute. Horrez gain, plaza ixteko beste lan batzuk ere egin beharko dituzte, eta horretarako 34.000 euro izango dituzte. Bestalde, irisgarritasun plana ere onartu zuten 2014an, eta «pixakanaka» urtero bertan ezarritako «puntuak zuzentzeko» inbertsioak egingo dituzte. Aurten, esate baterako, 34.000 euro izango dituzte inbertsio horiek egiteko.

Horretaz guztiaz gain, herri bideen «inbentarioa» egin nahi dute eta 18.000 euro gastatuko dituzte. Wifi sarea hobetzeko lanak ere egin behar dituzte, 8.000 eurorekin.

Zorpetze maila

Berastegiko Udalaren zorpetze mailari dagokionez, Azkueren ustez egoera «ona» da. Udalak duen zor «bakarra» udaletxea eraberritzeko eskatutako maileguaren ondorioz baitute. 2024an amaitzen zaie mailegua ordaintzeko epea, eta aurten «61.000 euro» ordainduko dituzte zorra txikitzeko.
Halaber, Etxabene eraikineko baxuari (bertan kokatzen dira KZ gunea, haurreskola eta Urepele elkartea) zegozkion mailegua ere bazuten orain arte, baina 2014an amaitu zuten ordaintzeaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!