Inauteri giroa nabari da Berastegin

Imanol Garcia Landa 2015eko otsailaren 5a

Haurrek iaz egin zuten emanaldiaren une bat.

Eskualdean mozorrotzen lehenetakoak dira Berastegiko herritarrak. Bi egunetako egitaraua antolatu dute, eta hala, bihar eta etzi inauterietan murgilduta izango dira.

Azken hamar urteotan ospatu dituzte Berastegin inauteriak asteburu bat lehenago. Mirari Saizar zinegotziak azaldu duenez, «berastegiarroi ere gustatzen zaigu Tolosako inauterietara inguratzea, eta asteburu bat lehenago antolatzearen asmoa da bi festak ez egun berean izatea, hartara biez gozatzeko aukera izateko».

Urepele elkarteak egindako antolaketa lana nabarmendu du Saizarrek: «Larunbateko egitaraua aurten bete-betea dator eta neurri handi batean Urepele elkarteak egindako proposamenei esker da. Larunbatean egingo den kalejira ez da egin azken urteotako inauterietan, eta aurten horrela antolatu du Urepele elkarteak, eta udala oso pozik herriko elkarteetatik horrelako proposamenak etortzen direnean».

Egitaraua

Otsailak 6, ostirala

14:45. Herriko txikienen kalejira herrian zehar.

16:00. Txokolate jatea.

17:00. Haurren dantza emanaldia eskolako atarian. Jarraian, herriko trikitilarien trikiti emanaldia izango da.

19:00. Pintxo potea.

Otsailak 7, larunbata

10:30. Denak mozorrotuta kalejira alaia herrian zehar plazatik abiatuta.

14:00. Herri bazkaria udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Bazkal ondoren, eztarriak berotzeko karaokea.

19:00. Joko triki poteoa.

21:00. Urepele Biltokian luntxa.

23:00. DJ Txoko Urepele Biltokian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!