San Anton eguna ospatuko dute bihar Berastegin

Maier Ugartemendia 2015eko urtarrilaren 16a

10:00etan izango da meza ermitan, eta ondoren animaliak bedeinkatuko dituzte.

Urtero bezala egun berezia ospatuko dute bihar Berastegin. San Anton eguna dute, eta izen bereko ermitan egingo dituzte, ohi bezala, ospakizunak. Berezitasuna, ekitaldi horien protagonistetan dago. Izan ere, herritarrak euren animaliekin bertaratuko dira, hauek bedeinkatuak izan daitezen.

10:00etan izango da meza, eta hau bukatzean bedeinkatuko ditu apaizak animaliak. Aurtengoan, gainera, larunbata egokitu denez herritar gehienek izango dute euren animaliak ermitara eramateko aukera.

Mota guztietako animaliak bertaratzen dira ermitara, baina batez ere etxeko maskotak dira eramaten dituztenak. Guzti honen badu zergatia. Animalien patroia da San Anton, eta animaliek urte ona izan dezaten bedeinkatzen dira egun horretan.

Animaliak bedeinkatzeaz gain, hamaiketakoa egiteko aukera izango dute gerturatzen direnek, elizkizuna amaitzean prest egongo baita elizaren atarian jatekoa eta edatekoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!