Herriko plaza nolakoa izatea nahi duten erabaki dute berastegiarrek

Maier Ugartemendia 2014ko abe. 2a, 19:48

Plaza gune «sozialago» bat bilakatzea nahi dute, autoentzat itxi eta oinezkoentzat egokitu ostean

Berastegiko Udalak parte hartze prozesu bat burutu du azken asteetan. Aritz Mujika alkatearen esanetan «aspalditik» herritarren artean  plazan zerbait egitearen eskaera zabaldu zen. Irisgarritasuna hobetzearen beharra ikusten zen, baina baita herritarrentzat eta bereziki haurrentzat segurua eta egokia zen leku bat izatearena ere. Bi herri batzarretan gaia landu ostean, eta herritarrek plaza oinezkoentzat ixtearen proposamena «gustura» hartzen zutela ikusita, udalak parte hartze prozesu bat martxan jartzea erabaki zuen. Azkeneko bi asteetan, larunbat goizetan bildu dira berastegiarrak nolako plaza nahi duten erabakitzeko.

Mujika alkatearen esanetan, herritarrek «aspalditik» zuten behar hori, areagotua ikusi dute udaletxea berritu zenetik. Herritarren artean udaletxera joateko «joera handiagoa» dago orain; baita haurrek udaletxe azpira jolastera joateko ohitura ere. Gainera, aurrera begira ere bigarren solairuan liburutegia eta beste hainbat gune kokatzeko asmoa dute hurrengo urtearen hasieran, eta horrek ere jendearen joan-etorria «gehituko duela» uste du Mujikak. Honegatik guztiagatik,  oinezkoentzat plaza gero eta «arriskutsuagoa» bilakatu daitekeela ikusita, plaza ixteko «beharra» ikusi zuten, eta herri batzarretan gaia landu ostean, parte hartze prozesua jarri dute martxan.

Herritarren iritzia

Lehen bileran erabaki gehien hartzea egokitu zitzaien, eta parte hartzea ez zen hain handia izan «10 lagunek» parte hartu zuten.

Bilera horretan erabaki zuten plaza nondik itxi, eta sarrera-irteerako guneak non egon behar duten definitu zuten. Lehenik eta behin, ordea, beharrezkoa da jakitea plazan eta inguruetan aparkatzen diren autoentzat aparkaleku bat egitea aurreikusita dagoela. 2015 hasieran hasiko dira lanekin, plazaren ondoan egindako etxebizitzen atzealdean kokatuta egongo da, 43 plaza izango ditu eta pasadizo bat izango du plazara iristeko.

Lehen bileran plaza osoa eta kale nagusia ixtea erabaki zuten. Sarrera batzuk poste finkoekin itxiko dituzte; kale nagusiko eta plazarako sarbide nagusia den sarbideetan, berriz, igo eta jaitsi egiten diren posteak jarriko dituzte, «komertzioen beharrei» erantzuteko, batez ere. Horrez gain, erosketak egin eta pisu handiarekin urrutira joan beharrik ez izateko plazaren sarrera ondoan «denbora tarte motzeko» bi aparkaleku jarriko dituzte, herritarrei «erraztasunak» emateko asmoz. Horrez gain, autobus geltokia plazatik ateratzea nahiko lukete, baina ez dakite posible izango den; aztertu egin beharko da.
Plaza gune «sozialago» bat bilakatzea nahi dute, herritarrek aprobetxatuko duten gune bat izatea, eta ez diote hasieratik erabilera jakin bat eman nahi. Horregatik, bileran hasiera batean plaza «hutsik» uztea erabaki zuten, eta ondoren, ematen zaion erabileraren arabera zerbait gehiago jartzea, hala behar izanez gero.

Bigarren bilera pasa den larunbatean izan zuten eta bertan 40 pertsona inguruk parte hartu zuten. Bertan Pedro Izaskun udal arkitektoak ere parte hartu zuen eta lehen bileran erabakitakoaren inguruko azalpenak emateaz gain, plazan zer material mota erabili zitezkeen azaldu zien Izaskunek herritarrei. Guztiarekin aurrekontua ere jakinaraziz.

Herritarrek «harrizko pasilloak» dituen plaza egitea erabaki zuten «inpresioa» dutenak. Material hau erabiliz, «300.000 euroko» aurrekontua du plaza egokitzeak eta «inbertsioa handia» denez, udalak laguntza bidez egin beharko dio aurre gastu honi. Hala ere, aurrekontu eta proposamen zehatzagoa abenduaren erdialdean egingo duten herri batzarrean aurkeztuko dute, eta bertan ere herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute.

Haurren ahotsa

Proiektu honek herritarren irisgarritasuna hobetzea du helburuetako bat, eta gaiari lotuta haurrei ere eskatu diete iritzia udaletik.

Etxetik eskolara irisgarritasunarekin lotuta zituzten arazoen berri emateko eskatu zieten argazki eta guzti, eta haurren eskaera «nagusietako bat» plaza ixtearena izan zen, jakitera eman dutenez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!