Iker Ugartemendiak irabazi du Berastegiko XXIII. Gazta Lehiaketa

Tolosaldeko Ataria 2014ko aza. 3a, 11:03
Iker Ugartemendia, jasotako sariekin.

Orain arte irabazi ez duen gaztagileak eraman du aurtengo Berastegiko Gazta Lehiaketa: Iker Ugartemendia. "Oso pozik" jaso du saria. Bigarrena Jose Inazio Ugartemendia eta hirugarrena Joxepa Irisarri izan dira.

Urtero aurkeztu izan da Iker Ugartemendia eta bere izena entzun zuenean ez zuen hasieran sinistu: "Bigarren saria eman zutenean, pentsatu nuen aurten atzetik geldituko nintzela, eta pena zela. Baina gero entzun nuen nire izena eta oso pozik". Ugartemendia "oso gustura" ibiltzen da gazta egiten, eta urtero aurkezten da lehiaketara, baina ez zuen horrelako saririk oraindik jaso: "Bosgarren eta laugarren bai, baina aurrenekoa beti aurrenekoa izaten da".

Aurten saria jasotzearen arrazoietako bat erabilitako moldea izan daiteke, Ugartemendiak azaldu duenez: "Lehenago moldea txikiagoa genuen. Molde aukera asko daude, eta aurten aldatu egin dugu, handixeagoa jarriz. Itxura aldetik ere gazta ederra zegoen, eta beti ere handiagoa izateagatik hezeagoa ateratzen da; saiatuta saria lortu dugu azkenean".

Ugartemendia txikitatik dabil gaztak egiten: "Aitak zeuzkan animalik, eta jarraitu dugu; ikasi genuen gazta egiten eta hor aritzen gara". Saltzerako orduan molde txikiagoarekin egindako gaztak errazago saltzen direla dio: "Molde txikiagoarekin kiloko gazta ateratzen da eta bestearekin kilo eta erdikoa".

Berastegiko Azoka Bereziaren barruan izaten da gazta lehiaketa. Aurtengoa XXIII.a izan da, eta hamalau parte hartzaile izan dira. Bost sari banatu dituzte eta hauek izan dira saridunak, hurrenez hurren: Iker Ugartemendia, Jose Inazio Ugartemendia, Joxepa Irisarri, Koro Artola eta Maria Jesus Labaien. Aurten lehenengo aldiz gaztagile gazteenari saria eman diote, eta hori ere Iker Ugartemendiarentzat izan da.

Bost saridunak urtero antzekoak izaten direla dio irabazleak: "Epaileek esaten dute gazta maila berdintsua izaten dela". Lehiaketan herritarrek parte hartzen dute eta etxeko ardi esnearekin egin behar izaten da. Gazta bakarra aurkezten da. Lehiaketako hiru lehen gaztak zozketatu egiten dituzte eta besteak banatu pintxo moduan azokara joan direnen artean.

Beste sari batzuk ere banatu zituzten. Hala, barazki postu onena Koro Artolarentzat izan zen eta bestelako postu onena Muñagorri herri eskolako LH4ko ikasleentzat. Arroz-esne lehiaketan Kontxi Saizar izan zen irabazlea. Azoka bereziaren barruan ere Argazki Lehiaketaren sari banaketa izan zen. Analogikoan Jaione Barriola, Nahitze Garaiburu eta Inar Esnaola  izan ziren hiru lehenak, eta digitalean Jose Martin, Leire Labaien eta Naiara Vadilla.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!