Berastegiko kultur asteko lehen asteburua, jendetsua

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 27a, 17:30

Hurrengo astean ekingo diote kultur asteko bigarren txandari, eta igandean azokarekin emango diote amaiera

Berastegin kultur astean murgilduta dabiltza, pasa den ostiraletik. Ostiral arratsaldean, glo piñata eta kaxa jokoa izan zituzten eta antzolatzaileen esanetan "giro ona" izan zen nagusi, eta gainera "jende askok" parte hartu zuen. Ondoren, Ahulki hutsak dokumentala eskaini zuten, eta bertan ere jende "dezente" bildu zen. Jarraian Lory Thompsonekin egin zuten mahai-ingurua "luzea eta interegarria" izan zen.

Larunbatean, bi ekimen ezberdin izan zituzten berastegiarrek aukeran. Batetik, Maria Cueto eta Mariano Arsuagaren artelanak ezagutzeko aukera izan zuten. Bisita "jendetsua" izan zen, eta bi artistek beren lanaz eta lanei buruz hainbat azalpen eman zituzten, eta bertaratu zirenen galderei erantzuten ere aritu ziren. Egunean bertan mus txapelketa herrikoia ere izan zen, eta irabazleak Izaskun eta Arantxa Dorronsoro ahizpak izan ziren, bigarren Jon Iparragirre eta Mikel Beloki izan ziren, hirugarren Mikel Zubillaga eta Amparo Billabona, eta laugarren Julen Etxeberria eta Endika Pelaez.

Igandeari dagokionez, azkenean Ametsen fabrika antzezlana ezin izan zuten eskaini aktorearen osasun arazoak zirela eta, horren ordez, Hiru,bi...zast! ikuskizunaz disfrutatzeko aukera izan zuten herritarrek, eta bertaratu zirenak "oso gustura" agertu ziren. Ondoren, Anje Duhalderen kontzertu akustikoa izan zen, eta antolatzaileen esanetan "oso jendetsua" eta "hunkigarria" izan zen.

Gauzak honela, kultur astearen lehen asteburuari balorazio positibo batekin eman diote amaiera, eta orain atseden hartuko dute hurrengo ostiralera bitarte. Berriro ere beste hainbat ekimen prestatu dituzte asteburu guztirako, eta igandean azoka izango dute, besteak beste.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!