Herritar guztiengana iristeko helburua du aurtengo kultur asteak

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 24a, 10:01

Gaur bertan ekingo diote Berastegin kultur asteari, eta azaroaren 2an amaituko da azokarekin

Gaur emango diote hasiera beste urte batez Berastegiko kultur asteari. Azaroaren 2ra arte, bi asteburuetan zehar kultur ekintza ugari izango dira aukeran.
Berastegi herri parte hartzailea da, eta hori kultur astearen antolakuntzan ere nabari da. Mirari Saizar, kultura batzordeko kideetako bat da eta antolakuntza hori gertutik jarraitu du. Kultura batzordeak «herritar guztiak» gonbidatzen ditu kultur astea antolatzeko batzordera, baina deialdi «berezia» egiten zaie urtean zehar ekimen ezberdinak antolatzen dituzten herriko elkarteei «hainbat ideia eta proposamen izaten dituztelako, programa osatzeko orduan». Hortaz, kultura batzordeko  kideak «gustura» daude herritarren parte hartzeagatik.
Kultur astea antolatzerakoan, berriz, bereziki saiatzen dira «adin tarte ezberdineko jendearengana iristen», eta horri begira haurrei, gazteei edo helduei zuzendutako ekitaldiak antolatzen dituzte.Honela, herritar guztientzat «interesgarriak» izan daitezkeen gauzak proposatzen saiatzen dira. Bestalde, Saizarren esanetan programazioa «kulturako hainbat alor tartekatuta» prestatu nahi izaten dute. Eta bide horretan, aurten ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte kultur astean zehar. Esate baterako, bizitzako galderen eta doluaren inguruko Ahulki hutsak dokumentalaren emanaldia, Anje Duhalderen kontzertu akustikoa, Piano bat bertsotan ikuskizuna Ainhoa Ansa abeslaria, Jagoba Astiazar painojolea eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin...
Azokaren XVI. eguna
Hala ere, eta zalantzarik gabe, kultur asteko ekintzarik «garrantzitsuenetako bat» azken egunean egiten den azoka da. Aurtengoa XVI. edizioa izango da, eta Saizarren ustez «bere pisua» du.
Aipatu bezala, azoka azaroaren 2an izango da, 11:00etatik aurrera frontoian eta futbol zelaian. Bertan hainbat produktu aurkitu ahal izango dira: barazkiak, gozokiak, gaztak, eztia, eskulanak, etab. Horrez gain, urteroko ardi,ahari eta bildots lehiaketa, arroz-esne txapelketa eta gazta lehiaketa ere ez dira faltako. «Ekintzaz beteta» izango da goiza bertaratzen diren guztientzat. Saizarren ustez kultur asteko «egunik politena» izaten da azokarena, eta baita «parte-hartzaileenetakoa» ere. Gainera, bereziki «herriko postu jartzaileen lana» azpimarratuko luke. Izan ere, urtero «20-22 postu inguru» izaten dituzte, horietako «asko herritarrek jarritakoak eta herriko produktuekin osatutakoak».
Gazta lehiaketa ere garrantzitsua izaten da egun horretan, aurten XXIII. edizioa izango da: «Herrian artzai eta gazta egile asko ditugu eta lan hori bultzatzen jarraitzeko beharra ikusten dugu». Ahari, ardi eta bildots lehiaketetan eta arroz-esneen txapelketan ere herritar «askok» parte hartzen dute. Azken finean, Saizarren ustez «goiz horretan herritarren parte hartzea egongo ez balitz, ez genuke ez azokarik ez beste ekintzarik antolatzerik izango».
 Honenbestez, Saizarrek «interesa» duen oro Berastegira hurbiltzera animatu nahi du, «momentu polit bat» bizitzeko aukera izango baitu ekimen ezberdinetan.

Berastegiko kultur astea
URRIAK 24, GAUR
16:30. Globo piñata eta kaxa-jokoa haurrentzat, frontoian. Tartean, askaria.
19:00. Ahulki hutsak dokumentalaren emanaldia, bizitzako galeren eta doluaren inguruan, erabilera anitzeko gelan. Ondoren, mahai-ingurua, eta moderatzaile lanetan Lory Thompson ariko da.
21:30. Euskal Herriko altxorretan barrena hitzaldia, Arkaitz Astiazaranen eskutik, erabilera anitzeko gelan.
URRIAK 25, BIHAR
11:00. Ate irekiak Maria Cueto eta Mariano Arsuagaren lanak ikusteko La Bajera-n.
15:00. Mus txapelketa herrikoia, Gaztainondo elkartean.
URRIAK 26, IGANDEA
17:00. Ametsen fabrika antzezlana umeentzat, erabilera anitzeko gelan.
19:00. Anje Duhalderen kontzertu akustikoa, aparkaleku azpiko lokalean.
URRIAK 31, OSTIRALA
16:15. Artzainen parkea Kulkiren eskutik, eskola atarian. Tartean, txokolate jatea.
19:00etatik aurrera. Pintxo potea herrian zehar.
21:30. Mendizaletasunaz hitzaldia, Felipe Uriarteren eskutik, erabilera anitzeko gelan.
AZAROAK 1, LARUNBATA
19:00. Piano bat bertsotan ikuskizuna Ainhoa Ansa, Jagoba Astiazaran eta Beñat Gaztelumendiren eskutik, erabilera anitzeko gelan.
AZAROAK 2, IGANDEA
Goizean zehar. Azoka. Bertan herriko produktuak egongo dira salgai, eta hainbat lehiaketa izango dira.
13:30. Lehiaketa guztietako sari-banaketa.
18:00. Talo jatea eta goizeko lehiaketetako gazta eta arroz-esneen dastaketa, ardoak eta sagardoak lagunduta. Tartean Maialen Argote eta Irati Irurtzun trikitilariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!