Burdina taldekoak burdinola bat berreskuratzen ari dira Leitzaranen

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 24a, 14:00

Dokumentu batzuei esker jakin zuten Burdina taldeko kideek Mustarko inguruan burdinola bat zegoela; iazko azterketan gunea aurkitu zuten eta aurtengoan bertan zegoena haizeola bat zela baieztatzen saiatuko dira.

Burdina taldeak hamaika urte daramatza Tolosaldeko eta Andoain inguruko hainbat berreskuratze lan egiten. Gaur egun ere hainbat proiektu dituzte eskuartean. Tartean Berastegiko lurretan kokatzen den Mustarko Burdinola. Hain zuzen ere XIII. edo XIV. mendeko haizeola izan daitekeena.

Burdina taldeko Xabier Arrutik primeran ezagutzen ditu Leitzarango txoko ezberdinak, eta erraz mugitzen da bertako bideetan zehar. Mustarko burdinola bilakatu da azken asteetan bere geldiune, eta Manu Izagirre arkeologoa izaten du  lagun. Izagirre, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko Ondare teknikaria izandakoa da.

Burdina taldekoek zenbait dokumentutan agertutako datuei esker zekiten, Mustarreko ingurune horretan burdinola bat zegoela. Izagirrek azaldu bezala, ez zekiten «haizeola zen ala burdinola hidraulikoa zen». Hortaz, ingurune hori aztertzea erabaki zuten, eta hasieratik zenbait aztarna aurkitu zituzten:»Eskoria asko eta lurrazpian zeuden hormak». Txukuntze lan horiek iaz egin zituzten, eta aurten berriro ekin diete lan horiei, zehaztasun gehiagoren bila. Guzti honetarako laguntza Foru Aldundiarengandik eta Berastegiko Udalarengandik jasotzen ari dira. Lana, berriz, auzolanean egiten dute, eta inguru horretan bakarrik 35 pertsona inguru aritu dira lanean hiru talde ezberdinetan banatuta.

Leitzarango haizeola bakarra
Manu Izagirrek burdinola ezberdinen ezaugarriak ondo ezagutzen ditu: «Burdinolak  historikoki burdin harria, burdin bilakatzen duten tailerrak dira.  Burdin harria, burdina bilakatzeko beroa beharrezkoa da eta beroa sortzeko beharrezkoa da aire ziztada». Aire hori txertatzeko bi modu egon dira historian zehar: «Eskuz hauspo batekin edo urak sortzen duen indarra erabiliz». Hortaz, haizeolak eta burdinola hidraulikoak zeuden.  Lehenak hasieran sortutakoak dira, «XIII. edo XIV. mendetik daudenak». XV. mendetik aurrera, ordea, hidraulikoak sortzen hasi ziren.

Behin burdinolaren eremua aurkituta, azterketa lanei ekin zieten Burdinakoek. Orain arte «bi horma argi, eta fabrikatze lana egina dagoen lurra» aurkitu dituzte. Eskoria izeneko harriak ere aurkitu dituzte, eta Izagirreren esanetan bertan eskoria aurkitu izanak «forma-aldatze lan bat egin dela» adierazi nahi du.  

Eskoriarekin lotutako ezaugarri berezi bat ere aurkitu dute Mustarko burdinolan. Eskoriak dauden gune bat aurkitu dute erreka ondoan, baina Izagirreren ustez ez da eskoria botatzeko gune soil bat: «Normalean haizeoletan eskoria kanpora botatzen dute, erreka badago errekara eta bestela malda batera. Hemen erreka ondoan dagoen eta harri bat dirudien masa bat agertu da. Harri burdineko harri desberdinez osatuta dago, eta posible da  olio lotzaile bat izatea. Ura dagoen lekuetan erabili izan da: burdinoletan, urtegietan... Guztiek hau eskoria botatzeko leku bat zela pentsatzen zuten, baina nik uste dut nahita egindako horma bat dela». Hasiera batean lanean gune horretatik abiatzeko asmoa bazuten ere, orain malda aldera jotzea erabaki dute. Izan ere, Izagirreren ustez haizeola baten aurrean aurkitzen dira, eta normalean maldetan aurkitzen dira haizeoletako labeak. Labeak txikiak izan arren, urteetan zehar labe horiek «eskoria asko» sortzen zuten, eta Izagirreren ustez horrek erakusten du bertan «haizeola bat» egon zitekeela.

Izan ere, gainera, Mustarkoa burdinola hidraulikoa izateko nonbaitetik ura dakarren kanalen bat egon beharko lukeela dio Izagirrek, «baina horrelakorik ez dugu aurkitu». Horregatik, uste dute kasu honetan hauspoen bitartez ematen zitzaiola haizea burdinolari eta ondorioz «haizeola dela pentsatzen dugu». Nahiz eta, aurrera begira, eta aztarna gehiago bilatu ostean, «posible den egitura hidraulikoa agertzea».

Pieza berezi bat ere aurkitu dute Berastegiko burdinolan: «Tobera edo haizebide izeneko pieza garrantzitsu bat aurkitu dugu». Tobera bi lekutan bakarrik aurki daitezke: «burdinola bateko labean edo sutegi batean». Tramankulu honek haizea labearen barrura botatzea du helburu. Tobera bi hausporentzat prestatutakoa da, eta alde batetik «normala» zen burdinola batean horrelako pieza bat egotea; baina, bestetik «arraroa» da pieza hori agertzea, garrantzitsua zelako eta «aprobetxatu» egiten zelako.

Aipatu bezala, oraindik «lan asko» dago egiteke. Mota honetako burdinolen inguruko «informazio gutxi» dago, ez delako errepikatzen den estruktura bat: «Lekuaren edo egoeraren arabera, ezaugarriak aldatzen zaizkio».  

Hala ere, zalantzarik gabe «berezia» da Burdina taldeak aurkitu duen egitura. Izan ere, Leitzaran inguruan ez da burdinolarik aurkitu orain arte, eta hortaz, Burdina taldekoak proiektu honetan lanean jarraitzeko «gogoz» daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!