Udalak zortzi etxebizitza tasatu egingo ditu Ategiko eremuan

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 22a, 20:12
Urteak daramatzate Berastegin etxebizitza berriak egiteko ideiarekin, eta badirudi proiektua errealitate bilakatzeko gertuago dagoela. Udalak Ategiko eremuan, Gaztañondo elkartearen atzealdean, altxa nahi ditu bereziki gazteei eta berastegiarrei zuzendutako etxebizitzak, eta horiek 28 hilabeteko epean prest egotea aurreikusi du.

Iragan larunbatean aurkeztu zieten udal taldeko kideek eta udal arkitektoak herritarrei proiektua. Beste hainbat herritarrekin batera, etxebizitza horietan interesa izango luketen hamabi gazte inguru gerturatu ziren. Aritz Mujika alkateak azaldu duenez, horixe da, hain justu, proiektuaren helburua, «gazteak herrian bertan geratu ahal izateko etxebizitzak egitea». Era berean, bertako jendeak herrian bizitzen jarraitzeko gogoa duela ikustearekin «pozik» daudela dio, «horrek bizia ematen baitio herriari».
Zortzi etxebizitza
Gaztañondo erretirodunen elkartearen atzealdean kokaturiko lursailean eraikiko ditu udalak etxebizitza tasatuak. Lehendabiziko fasean lau solairuko blokea eraikiko dute. Solairu bakoitzak bi etxebizitza izango lituzke, beraz, orotara zortzi etxebizitza izango dira. Beheko solairuan, berriz, 12 garaje aurreikusten ditu proiektuak.
Etxebizitzen salneurriari dagokionez, tasatuak diren heinean, Mujikak esan duenez, «prezio ahalik eta orekatuenak izaten saiatuko da udala, ahaztu gabe etxebizitzek kalitatezkoak izan behar dutela».
28 hilabeteko epean lehen fasea gauzatzea aurreikusten dute. Hala ere, alkateak esan duenaren arabera, epe hori ahalik eta gehien murrizten saiatuko dira. «Dena den, ez dugu uste gehiegi murriztu ahalko denik, plan bakoitzak bere jendaurreko eta aurkezteko epeak izaten baititu, eta urbanizazioa edota eraikina egiteko epeak behar dira, beraz, epe horren bueltan izango da».
Une honetan etxebizitza horietan interesa duten herritarren kopurua zehaztuko du udalak, eta horrekin batera, nork izango duen lehentasuna erabaki beharko dute, ordenantza baten bitartez. Era berean, proiektua bera onartu behar dute, lanean hasteko.
Proiektu garrantzitsua
«Beharrezkotzat» du proiektua Berastegiko Udalak, izan ere, alkateak esan moduan, «herriko gazteei herrian bertan bizitzen jarraitzeko modua eman behar zaie». Hamar urte dira Berastegin azkenekoz gazteei zuzendutako etxebizitzak eraiki zirenetik, eta ondorioz, gazte askok kanpora joan beharra izan dute bizitzera, herrian aukerarik ikusi ez dutelako. «Horrek zer pentsatua eman zigun, Berastegin bertan bizitzen jarraitzeko beharra eta nahia bazegoela, baina ezin izan dela erakusten zuelako, eta udaletxearen lana horretarako baliabideak jartzea izan behar du».
Ategiko eremuko proiektuak lehenengo fase hori amaitzean bigarrena aurreikusten du, etxebizitza tasatu gehiagorekin. Hala ere, fase batetik bestera «urte batzuetako tartea» egon daiteke, «betiere herrian dagoen eskariaren eta beharren arabera». Hain justu, proiektuaren ezaugarri hori ere nabarmendu nahi izan du Berastegiko alkateak: «Jakitun gara Berastegi bezalako herri batean bat batean etxebizitza ugari eraikiko balira zer gertatu ahalko zitekeen: berastegiarrekin soilik ez litzateke beteko, eta orduan kanpotik etorriko litzateke jendea». Mujikaren ustez, kanpoko jendea etortzean, kasu askotan, lo egiteko herri bezala erabiltzea dakar, eta bestetik, «proiektua fase desberdinetan gauzatzeko ideiarekin herriko  jendeari ematen zaio aukera eta erraztasuna bertan bizitzen jarraitzeko».
Udaletik herritarrak animatu nahi dituzte proiektuan parte hartzera, eta etxebizitzen inguruan informazio gehiago nahi dutenei udaletxera jotzea gomendatu die, bertan baitituzte proiektuaren inguruko argibide eta xehetasun gehiago».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!