Duela zortzi urte hasi ziren lehen danborkadak ematen. Batukada probatu nahi zuen 6-7 laguneko taldea zegoen herrian, eta Tolosako Mulambo taldea eurei erakusteko prest agertu zen. «Batukadaren oinarrizko erritmoak ikasten hasi ginen, gustatu egin zitzaigun, eta horrela jarraitu dugu», azaldu du taldearen sorreratik kide den Urko Atxukarrok. Musika tresnak Tolosako taldearen bitartez eskuratu zituzten, eta pixkanaka horiek nola jotzen diren eta erritmo desberdinak ikasiz joan ziren.
Pare bat urteko geldialdia izan zuen ondoren taldeak, baina, duela lau urte berriro ekitea erabaki zuten: «Sorreratik ginen bi edo hiru lagun elkartu ginen, eta pixka bat albo batera utzita genituen musika tresnak berriro hartzea pentsatu genuen», esan du Atxukarrok. Gainera, bazen batukada taldean sartzeko gogoz zegoen jende gaztea, beraz, guztiak elkartu eta entseatzen hasi ziren, Berastegiko jaiei begira. «Entsegu batzuk egin genituen, eta festetako lehen egunerako batu poteoa antolatu genuen, afariaren aurretik erritmo pixka bat jarriz». Hortik aurrera, urtero urtero zabaldu dituzte euren erritmoak herriko festetan, eta, era berean, batukada taldea mantenduz joan dira.
«Lorpen handia da»
Taldean sartzen azkenak 17 urteren bueltan dabiltza, eta 6-7 dira. Gainerakoak 27 urte artekoak dira. Denera, 13 pertsona inguruk osatzen dute Berastegiko batukada taldea. Atxukarroren esanetan, «Berastegi bezalako herri batean batukada talde bat izatea lorpen handia da», eta horregatik, «oso gustura» daude.
Astean behin elkartzen dira entseatzeko, eta taldeko beteranoek edo gehiago dakitenek izaten dute sartu berriak direnei erakusteko ardura. «Sartu diren azken kideetako gehienek musika tresnaren bat jotzen zuten lehenagotik, beraz, erritmoa badute, eta segituan ikasten dute, eta hori eskertzen da», azaldu du Atxukarrok. Dena den, musika gustatuz gero, eta belarri pixka bat izanda segituan hartzen duzula batukadaren erritmoa gaineratu du.
Jendearentzat berritasuna izan da herrian batukada taldea izatea, eta «harrera ona» izan duela azaldu dute: «Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen du, eta taldeko kideak gauden bitartean, eta jende gehiagok ikasteko gogoa duen artean jarraituko dugu». Izan ere, argi uzten dute ateak irekita dituztela parte hartu nahi duen ororentzat.
Berastegin jo dute hainbatetan, Berrobiko eta Elduaingo festetan izan dira, eta iragan asteburuan, esaterako, Lazkaon izan ziren Gure Esku Dago ekimenari erritmoa jarriz. Aurrera begira, deitzen dieten lekuetan jotzeko prest eta gogoz dago Berastegiko batukada taldea.