Berastegi inguruan itzulia

Iñigo Terradillos 2014ko mai. 2a, 10:45
Urtero egiten dute Ibilaldi Neurtua Berastegin
Igande honetan, maiatzak 4, egingo dute 30 kilometroko Ibilaldi Neurtua; txikiek ere izango dute beren tokia

Basurde elkarteak antolatuta XXII. Ibilaldi Neurtua hartuko du Berastegik igande honetan, maiatzaren 4an. Herria inguratzen duen 30 kilometro inguruko ibilbidea egin beharko dute mendizaleek, eta hori burutzeko zortzi orduko gehienezko denbora izango dute.

Pasa den urtean egin zuten ibilbide bera izango da aurten: Berastegiko plazatik abiatuko dira mendizaleak, Aiztun auzotik gora egingo dute, eta handik Lartera igoko dira. Bokete, Uli eta Ulizarrera igo ondoren, Urto eta Plazaola aldera egingo dute, eta Erregeneko bordan barrena Ipuliñora joango dira. Gorosmenditik San Lorentzo ermita ikusiz mugara jaitsiko dira, eta Berastegira itzuli.

Irteera Berastegiko plazan izango da, 07:00etan. Ibilbidean kontrol guneak egongo dira, eta horietatik igaro behar dute mendizale guztiek. Hain justu, Berastegiko guneaz gain, Larten, Ulizarren, Ipuliñon eta San Lorentzon egongo dira guneak. Urton, berriz, anoa gunea jarriko dute, elikagaia eta edariekin.

Parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena, 06:30etik aurrera, eta 6 euro ordaindu beharko du bakoitzak. Mendizaleek txarteltxoa jasoko dute, eta hori ibilaldiko gune bakoitzean erabili beharko dute denbora jartzeko. Ibilaldia amaitzen denean, babesleek eskainitako zenbait opari zozketatuko dituzte proba bukatzen duten mendizaleen artean.

Pasa den urtean ia 300 mendizale elkartu ziren Berastegiko Ibilaldi Neurtua egiteko. Normalean 200 pertsona inguruk hartu ohi du parte, eta antolatzaileek esan dutenez, beste probaren bat gertu egokituz gero eragina izaten du parte hartzaile kopuruan.

Txikien Ibilaldia

Bestalde, urtero moduan, helduentzako ibilaldiaz gain, gaztetxoentzat ibilaldi txikiagoa prestatu du Berastegiko guraso elkarteak egun berean. 09:00etan irtengo dira plazatik, eta Aiztunalde, Ani iturri, Jolazungo iturria, Arbide, San Sebastian ermita eta Zuikine igaroz herriko plazara iritsiko dira.

 
 

DATUAK

  • Eguna. Maiatzak 4.
  • Ordua. 07:00.
  • Luzera. 30 kilometro.
  • Gehienezko denbora. 8 ordu.
  • Kontrol guneak. Berastegi, Larte, Ulizar, Ipuliño, San Lorentzo.
  • Izen ematea. 06:30ean plazan, 6 euro ordainduta.
  • Txikien Ibilbidea. 09:00etan abiatuko dira plazatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!