Kulturari eskainitako gunea

inigoterradillos 2014ko mar. 28a, 11:42
Behe eta lehen solairuak egokituta, bigarren solairua prestatzea geratzen zaio udaletxeko eraikinari.
Berastegiko udaletxeko bigarren solairuan zer egin eztabaidatzen ari dira herritarrekin batera.

Urtebete igaro da Berastegiko udaletxe berritua inauguratu zutenetik. Eraikina osorik eraberritu zuten lehen fasean, hau da, egurrezko estruktura, teilatua eta fatxada. Horrekin batera, behe solairua eta lehen solairua egokitu ziren udaletxearen administrazio erabileretarako nahiz herritarren beharretarako. Bigarren solairua, baina, bigarren faserako geratu zen, bertan zer egokituko zen zehaztu gabe. Eta, hain justu, horretan ari dira une honetan Berastegiko Udala eta herritarrak, parte hartze prozesuaren bitartez udaletxearen gune horretan zer egin eztabaidatzen.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Itten programaren bitartez, bi larunbatetan herritarrekin bilerak egin dituzte. «Solairua kulturarako guneekin egokitzea ikusten dute egokiena herritarrek», adierazi du Aritz Mujika Berastegiko alkateak. 30 herritar inguruk hartu dute parte prozesuan, eta udalak balantze baikorra egin du: «Gogotsu etorri da jendea, ideiekin; solairu hori beraiena balitz bezala hartu du jendeak, eta hain justu, horixe nahi dugu, herritarrek bere sentitzea eta erabiltzea», dio Mujikak.

Aurreproiektua Aste Santuan

Liburutegia, heldu eta gazteentzat irakur gela, talde lanak egiteko gela, KZ gunea, non bildu ez dutenentzako gelak, ikastaroak egiteko guneak... izan ziren bileretan errepikatu ziren ideia nagusiak. Horiek eraikinak duen balioa kontuan hartuta, dituen berezko ezaugarriak mantentzearekin uztartu beharko lirateke, Hala, hori guztia aintzat hartuta, Aste Santu aldera aurreproiektua aurkeztuko dute. «Hori herritarren aurrean aurkeztuko da, eta denen artean oniritzia ematen bazaio, aurrera egin, eta proiektua burutuko da».

Behin proiektua eginda dagoenean, hori egikaritu ahal izateko diru laguntza lortzea izango da Berastegiko Udalaren hurrengo pausoa: «Foru Aldundiaren Itten programaren diru laguntza izatea espero dugu, eta zati bat udalak berak jarri beharko du, beraz, ikusi beharko dugu egingarria den ala ez», adierazi du Mujikak.

Berastegiko Udalarentzat lehentasunezko proiektua da udaletxeko eraikinaren eraberritzea: «Gure nahia da herritarrek eraikina eta bertan jarriko ditugun guneak maiztasun handiarekin erabiltzea, eta horregatik, lehenbailehen bukatuta egotea gustatuko litzaiguke». Behin lan horiek amaituta, Berastegiko alkatearen arabera, herria gaur egungo nahiz etorkizun ertainerako «asebeteta» geratuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!