Animaliek osasuna izan dezatela eskatu dute Berastegin

Iñigo Terradillos 2014ko urtarrilaren 17a

San Anton eguna izaki, Berastegiko izen bereko ermitan meza egin dute, eta ondoren animaliak bedeinkatu ditu apaizak. Hamaiketakoa ere egin dute bertaratu diren herritarrek

Tradizioari jarraiki, San Anton egunez animaliak bedeinkatzen dira, eurentzat osasuna eskatuz. Ez da, baina, herri askotan mantentzen den tradizioa, eta Berastegi da gorderik duten Euskal Herriko herri bakarretakoa. Bada, urtero moduan, berastegiarrak euren animaliak hartuta San Anton baselizara igo dira. 20-30 pertsona inguru izan dira elizkizunean, eta bitartean animaliak baselizaren kanpoaldean zeuden zain. Batik bat zakurrak eraman dituzte, eta tartean, kanario bat ere ikus zitekeen.

Elizkizuna bukatzean, Xabier Iturrioz apaiz alegiarraren inguruan jarri dira herritarrak, eta ur bedeinkatua bota die animaliei, eurentzat osasuna eskatuz. Ondoren, jatekoa eta edatekoa banatu dute bertaratu direnen artean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!