Berastegiko Balkoi, Lorategi eta Baratze Lehiaketak martxan dira

Ataria 2013ko uztailaren 4a

Berastegiko Udaleko kultura batzordeak, aurten ere Leiho, Balkoi eta Terraza Lehiaketa, Lorategi Lehiaketa eta Baratze Lehiaketa antolatu nahi ditu. Parte hartu nahi duten herritarrek udaletxera deitu (943 68 30 00) beharko dute, edo udaletxeko harrera bulegora joan, uztailaren 12a baino lehen.

Parte hartzaileek euren datuak (izen-abizenak, helbidea eta telefono zenbakia) eman beharko dituzte, zein txapelketatara aurkezten diren zehaztu (bat, bi edo hiruetan), eta Baratze Lehiaketan parte hartu nahi izanez gero, baratzea non kokatua dagoen adierazi beharko dute.

Izen ematea bukatu ondoren, goizean batzordekideak eta lorezaintza teknikaria etxez etxe ibiliko dira puntuaketa egiten. Baratzeen kasuan, abuztu bukaeran edo irailaren hasieran barazki-teknikari batek egingo du balorazioa. Argazkiak aterako dituzte, eta Gaztainondo elkartean jarriko dituzte ikusgai, herriko festetan, eta baita Berastegiko web-orrian ere.

Udaletik azaldu dutenez, puntuaketarako kontuan hartuko dute kolorea eta landareen barietatea eta konbinaketa, estetika eta txukuntasuna. Guztira bederatzi sari banatuko dituzte, modalitate bakoitzean hiru. Leiho,

Balkoi, Terraza eta Lorategien lehiaketetako sari banaketa salontzotako herri afarian egingo dute, eta Baratze Lehiaketakoa, berriz, kultur astean, azoka egunean. «Ahalik eta partaide ezberdin gehien saritu ahal izateko», iazko garaileek aurten ez dute saririk jasotzerik izango, baina datorren urtean bai, eta beraz, aurten saria jaso ahalko dute 2011n sarituak izan zirenak.

Leiho, Balkoi eta Terraza Lehiaketa eta Lorategi Lehiaketa bosgarren urtez egingo dute aurten, eta Baratze Lehiaketa, laugarrenez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!