Berastegiko Udalak Ategiko eremuaren plan berezia onartu berri du ohiko batzarrean. Plan horrek eraikinak eta errepideak non eta nola izan behar diren zehazten du. Bi edo hiru hilabeteko epean Gipuzkoako Foru Aldundiak planari onarpena ematea espero du udalak, eta ondoren hasiko lirateke bertan etxebizitzak egin ahal izateko tramitazioekin.
Hirigintza jarduketa programa, kontzertazio ituna, urbanizazio proiektua eta birpartzelazioa egin behar dira orain. Azken hau, birpartzelazioa 2014ko martxo aldera amaitzea aurreikusi du udalak, eta orduan, hasiko lirateke etxeak eraikitzen eta urbanizaioa egiten. Obra horiek 24 hilabeteko iraupena izango lukete.
Birpartzelazioa egin bitartean proiektuak prestatuko ditu udalak, eta prestatzen joan ahala interesa duten herritarrei erakusteko asmoa du, «erosleen zerrenda eta etxebizitzen zozketa egiten joateko». Udalak azaldu duenez, etxebizitzari buruz egindako galdeketan, 6 lagunek egin zuten etxebizitza eskaera. Era berean, aurreikusitakoak baino tamaina handiagoko etxeak nahi dituztela herritarrek ere ikusi dute. Hori dela eta, aurreikusiak zituzten 8 etxebizitzen tokian azalera handiagoko zazpi egitea erabaki du udalak.