Giro ederra nagusituko da asteburuan Berastegin. Gazte Festak ospatuko dituzte, eta Urepel elkarteak biharko eta etzirako ekitaldi sorta oparoa du prestatua.
Berrikuntza moduan, pintxo potearekin hasiko dituzte bihar festak. «Bi aldiz pintxo potea egin dugu Berastegin, eta harrera ona izan dutenez, jaietan ere sartzea erabaki dugu», azaldu dute Urepel elkartetik. Gainera, herriko trikitilarien doinuak izango dituzte giroa alaitzeko. Pintxo potea amaitzean aparkaleku azpiko lokalean elkartuko dira afaltzeko. 120 lagunek eman dute izena bertarako, beraz, festa giroa ziurtaturik dago hor ere. Gaua borobiltzeko, dantzaldia izango dute goizaldera arte, Aierrik taldearen eskutik.
Larunbatean, berriz, mus txapelketako finalak jokatuko dituzte elkartean, eta ondoren bertso saio berezia izango da. Amaia Agirre eta Iker Iriarte ariko dira gai jartzaile moduan, eta ikusleek ere proposatuko dituzte gaiak. Bertsotan, berriz, bertsolari gazteak ariko dira. Ondoren, urtero errepikatzen diren, eta harrera «oso ona» izaten duten sagardo dastaketa eta toka txapelketa izango dira, eta amaitzeko kontzertuak. Urepel elkartetik herritar oro animatu dute festara.
Egitaraua
Martxoak 15, ostirala
19:00. Pintxo potea, herriko trikitilariek alaiturik.
21:30. Herri afaria.
00:30. Aierrik erromeri taldearen dantzaldia goizaldera arte.
Martxoak 16, larunbata
15:00. Mus txapelketako finalak herriko biltokian.
18:00. Bertso saio berezia.
Ondoren. Sagardo dastaketa eta toka txapelketa.
00:00. D-pintxos eta 3 gabe 2 taldeen kontzertuak.