Pedro Zuzuarregik ia hamahiru urte daramatza, Monteskue auzoan duen baserrian, Martin Txiki gazta egiten. Bost urtez jarraian, sari batekin itzuli da munduko gazta txapelketatik, eta pasa den apirilaren 11n kalitatearen eta erregulartasunaren ziurtagiria eman zioten Ordiziako Artzain Egunean.
Eskuz egindako gaztak ekoizten ditu Tere Olano emaztearekin batera, ardi latxaren esnearekin eta arkume latxaren gatzagiarekin. .
1999an hasi zinen gazta egiten. Nolatan?
Lehenago ere bagenituen ardiak, eta aritu ginen proba batzuk egiten. Era berean, emazteak Berastegin antolatu ziren Euskal Herri mailako ikastaro batzuetan parte hartu zuen urte hartan. Bertan ezagutu genuen Armuño baserriko artzain bikotea. Ordurako profesionalizatuta zeuden jada, eta haiek hainbat aholku eman zizkiguten. Gure lurrak ikustera ere etorri ziren, eta esan ziguten, 200 bat ardi era txukunean jarriz gero, soldata bat ateratzeko moduan izango ginela. Eta horrela hasi ginen honetan.
Nolakoa da zuen eguneroko lana gaztagile moduan?
Egunez eguneko lana urte garaiaren araberakoa izaten da hemen. Udazkena izaten da urtarorik lasaiena, errazago ibiltzen gara. Izan ere, ez ditugu ardiak jezten, eta ez dugu gaztarik egiten; libreago izaten gara, beraz. Orain, udaberrian, berriz, lan gehiago izaten dugu; ni ardiekin aritzen naiz, eta emaztea gazta egiten aritzen da. Berak egunero egin behar izaten du hau urte garai honetan, eta egia esan, nahiko lotua da. Neroni ere, egunero ibiltzen naiz ardiekin. Semea ere, ikasketekin ari den arren, aritzen da gu laguntzen iluntzeetan-eta.
Eta zenbat ardi dituzue guztira?
250 bat ardi ditugu, eta 5.000 gazta inguru ekoizten ditugu.
Gaztagileentzako formakuntza ikastaro hauek nork antolatzen ditu?
Itsasmendikoi da antolatzen dituena. Gu, gainera, Arantzazuko artzain eskolan kolaboratzaile moduan aritzen gara, eta trukean laguntza jasotzen dugu. Horrela beraz, artzain eskolako ikasleak urtero izaten ditugu gurean praktiketan ikasten.
Nolakoa izaten da Jatorri Izendapena lortzeko prozesua?
Oinarri edo estatutu batzuk daude, eta ez dira betetzen oso zailak. Esaterako, ardi latxarekin lan egitea ezinbestekoa da.
Ordiziako Artzain Egunean kalitatezko diploma jaso zenuen, bosgarren saria eskuratzeaz gain.
Bai, hala da. Idiazabal Jatorri Izendapenaren jabe izateko, zenbait estatutu bete behar ditugu. Kalitatearen fundazioak, denboraldian zehar zenbait gazta biltzen dizkigu, dastatzeko. Gurekin bezalaxe, beste ehundaka gaztandegitan ere gauza bera egiten dute, eta gazta guztiak dastatu ondoren, puntuazioak jartzen dituzte. Aurten, bildutako gazta guztien artean puntuaziorik altuena eskuratu dugu guk, eta horrexegatik jaso genuen kalitatearen eta erregulartasunaren ziurtagiria Ordizian.
Ekoizten duzuen gaztaren kalitate hori urteetan mantentzeko, eguneroko lan horrek ahalegin berezirik eskatuko du, ezta?
Bai, bai, zalantzarik gabe. Lan honetan dozena bat urte badaramatzagun arren, nik ardien inguruko hainbat ikastaro egiten ditut udazkenean. Emaztea ere, urtero joaten da ikastaroetara.Beti izaten da kontuan hartu beharreko xehetasun txikiren bat. Izan ere, oso garrantzitsua da eguneroko lan horretan xehetasunei begiratu eta hauek zaintzea. Ofizio zaila da, eta asko saiatu behar da eguneroko lanean. Finean, edozein lanbidetako gako bera du honek ere: formakuntza eta lana.
Munduko Gazta Lehiaketan ere bost urtez jarraian parte hartu duzue Martin Txiki gaztarekin, beti sariren bat eskuratuz.
Bai. Hala ere, esan beharra dago, Idiazabal gaztak nazioartean maila ona duela. Guretzat, lehiaketa horretan ziurtagiri edo sariren bat lortzea ez da hain zaila izaten; hemengo edozein gaztandegik du, lehiaketa horretan zerbait irabazteko moduko maila.
Idiazabal gazta, beraz, munduko onenen artean dela esan daiteke?
Maila onean behintzat bai. Nik ez ditut munduko gazta guztiak ezagutzen, baina emaitzak ikusi besterik ez dira egin behar, Idiazabal gaztaren maila ona dela jakiteko. Azken finean, hori egiten den lanaren araberakoa izaten da, eta hemen, udazkenean antolatzen dituzten ikastaro horietan, Euskal Herriko eta Espainiako gaztagile-irakaslerik onenak entzuteko aukera izaten da. Gero, haiek esandakoaren arabera geronek saiatu behar izaten dugu.