Gaurkoan ere izan da zertaz gozatu Belauntzan. Izan ere, Belauntzako Udalak, artisau eta ganadu azoka antolatu du. Guztira, 20 postu izan dira elizako aterpean. Herriko zein inguruko ekoizle eta artisauek parte hartu dute, denetariko produktuak eskainiz. Horiez gainera, herriko baserritarrek abereen erakusketa jarri dute plazaren bueltan; besteak beste, ahuntzak, ardiak, astoak, behorrak eta behiak izan dira. Azoka amaituta, bazkaria egin dute herriko ostatuan.
Eguna borobiltzeko, 18:30etan, Koldo Izagirre eta Joseba Tapiaren emanaldia izango da elizan. Belauntzako Udalak antolatu duen euskal kultura indartzeko helburuz osatutako egitarauaren barruan egingo dute emanaldia. Bederatzi abestiz osatutako Mister Eleizegi izeneko diskoa aurkeztuko dute. Izagirreren testuek eta Tapiaren musikak umorea, ironiaren zantzuak, erlijioaren presioa, gorputzaren arrarotzea eta bakardadea uztartzen dituzte, euskal literatura eta musika garaikidea gustuko dutenentzako pieza nabarmena bihurtuz. Tiketak aurretik erosi beharko dira, eta horiek ere ostatuan izango dira salgai.