Egun osoko egitaraua antolatu dute iganderako Belauntzan

Goizean, artisau eta ganadu azoka izango da herrian zehar, eta ondoren, bazkaria egingo dute ostatuan. Arratsaldean, berriz, Koldo Izagirre eta Joseba Tapiaren emanaldia izango da elizan.

Belauntzan izango da zer ikusi igandean. Izan ere, Belauntzako Udalak artisau eta ganadu azoka antolatu du, 10:30etatik 14:00ak bitarte. Bertan, herriko zein inguruko artisau eta ekoizleek parte hartuko dute, denetariko produktuak eskainiz. Guztira, 20 postu izango dira elizako aterpearen bueltan; baina eguraldi txarra eginez gero, pilotakuan jarriko dituzte postuak. Horiez gainera, herriko baserritarrek abereen erakusketa jarriko dute plazaren bueltan; besteak beste, ahuntzak, ardiak, astoak, behorrak eta behiak izango dira.

Azoka amaituta, bazkaria egingo dute 14:00etan, herriko ostatuan. Herri bazkarira joateko interesa duten herritarrek tiketak erosi beharko dituzte, eta horiek ostatuan izango dituzte salgai.

Koldo Izagirre eta Joseba Tapiaren emanaldia

Eguna borobiltzeko, 18:30etan, Koldo Izagirre eta Joseba Tapiaren emanaldia izango da elizan. Belauntzako Udalak antolatu duen euskal kultura indartzeko helburuz osatutako egitarauaren barruan egingo dute emanaldia. Bederatzi abestiz osatutako Mister Eleizegi izeneko diskoa aurkeztuko dute. Izagirreren testuek eta Tapiaren musikak umorea, ironiaren zantzuak, erlijioaren presioa, gorputzaren arrarotzea eta bakardadea uztartzen dituzte, euskal literatura eta musika garaikidea gustuko dutenentzako pieza nabarmena bihurtuz. Tiketak aurretik erosi beharko dira, eta horiek ere ostatuan izango dira salgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!