Belaundantza jaialdia antolatu dute, hirugarrengoz, Belauntzako Udalak eta Donostiako Swing dantza eskolak. Larunbatean izango da, 11:00etatik aurrera, eta saltsa eta bachata ikastaroak eskainiko dituzte, hamabi orduz, hainbat irakasleren gidaritzapean. Elizako aterpean egingo dituzte saioak eta doakoak izango dira, adin tarte guztietarako.
Proposamena udaletik iritsi zitzaiela kontatu du Naiara Peris Swing dantza eskolako irakasleak: «Herria bisitatzera joan ginenean asko gustatu zitzaigun eta potentzial handia zuela ikusi genuen. Belauntza herri txikia da baina jende asko mugitzen du eta gauza asko antolatzeko gogotsu daude».
Hirugarren edizioa izango dute aurtengoa, eta egitarau zabala antolatu dute. Saltsa ikastaro batek zabalduko du egitaraua, 11:00etan, Everyn irakasleak gidatuta. Ondoren, 12:00etan, bachata ikastaroa egingo dute, Jes eta Jenny irakasleek gidatuta. Arratsaldean jarraituko du festak, eta 15:00etan, beste saltsa ikastaro bat egongo da, Jon eta Naiara irakasleek gidatuta. Horren ostean, bootcamp izeneko bachata formazioa eskainiko dute, 16:00etan, Mica eta Fran irakasleek. Bootcamp-ak bi ordu iraungo du, eta horretara animatzen diren parte hartzaileek koreografia bat ikasi beharko dute, eta ondoren, 18:00etan egingo duten dantza sozialean aukeztuko dute, DJ Naty eta DJ Cead artistek girotuta.
Aurten, berrikuntza moduan, «bermut soziala» egingo dute, 13:00etan, eta horrekin batera, sokatira eta futbol partida ere antolatu dute. «Antolatzen ditugun ekitaldi guztiak dantzaren ildo horretan doaz, baina ñabardura ezberdinak eman ohi dizkiogu, eta Belauntzako alkatearekin hitz egin genuenean dantza egitea gustatzen ez zaion herriko jendearentzat ere zerbait antolatu nahi genuela erabaki genuen, ekitaldian parte hartzeko aukera ere izan zezaten», azaldu du irakasleak.
Sokatiran eta futbol partidan parte hartzen dutenak bi taldetan banatuta egongo dira; batetik, saltseroak, eta bestetik, bachateroak. Bertan parte hartzen duten saltseroak taldekoek kamiseta zuria eraman beharko dute, eta bachateroak taldekoek, berriz, kamiseta beltza.
Jateko eta edateko hainbat gune izango dira, baita foodtruck zerbitzuak ere.
Irakasleak gogoan du lehen edizioak «arrakasta handia» izan zuela, baita bigarrenak ere. Orain, hirugarren aldia izango dute Belauntzan, eta gogotsu daudela adierazi du: «Jaialdiaren zabalkundea oso handia izan dela uste dut eta bertaratuko den jendearen inplikazioa ere oso ona izan da. Seguru gaude aurreko edizioak bezain ondo aterako dela».