Beste urte batez ohitura berritu eta oparo ospatuko dituzte San Joan jaiak Belauntzan ere. Datorren asteko asteartetik ostiralera —ekainaren 23tik 26ra— izango dituzte hitzorduak, horien artean, txapelketak, sua, haurrentzako ekitaldiak eta kultur proposamenak.
Asteartean, San Joan bezperan, bola eta toka txapelketarekin zabalduko dute egitaraua, eta 20:00etan txupinazoa bota eta sariak banatuko dituzte. Bezperako ohiko sua 20:30ean piztuko dute, eta akelarrea egingo dute Iban Nikolairen instrumentuekin. Herri afaria izango dute segidan, eta, amaitzeko, 23:00etan hasiko du emanaldia Muxutruk musika taldeak.
Egun betea
San Joan eguna, ekainaren 24a, berriz, goiz-goizetik hasiko dute: 9:00etan diana izango dute, eta 12:00etan hasiko da, berriz, meza; goiza borobiltzeko, 12:30ean izango da herritarrentzako hamaiketakoa. Arratsaldean, ostera, herriko gazteen arteko pilota partidak jokatuko dituzte.
Asteazken iluntzera begira, berriz, kulturaren txanda izango da: 19:00etan hasiko da Amaia Agirrek gidatutako bertso saioa, eta oholtza gainean ariko dira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Xabat Illarregi bertsolariak. Eta, eguna bukatzeko, 21:00etan hasiko du kontzertua Andoni Ollokiegik.
Ondorengo ekitaldiak
San Joan eguna igaro ondoren ere, ekitaldi gehiago izango dituzte Belauntzan ostegunean eta ostiralean. Hain zuzen, ekainaren 25a haurrentzako eguna izango da, eta hari horri tiraka izango dituzte puzgarriak goizean zein arratsaldean, gaztetxoen bazkaria eta apar festa. Iluntzera begira, berriz, eskaintza herritar gehiagorentzat zabaldu eta saiheski jateak eta Joselu Anaien kontzertuak osatuko dute egitaraua.
Egitarauko azken ospakizun eguna ostirala —hilaren 26a— izango da, eta jarduera bakarra antolatu dute: herritarren arteko mus txapelketa. Lehiaketa 22:30ean hasiko da, eta Martintxo kirol eta kultur elkartean jokatuko dute.