Koplariak koplari

Leyre Carrasco 2026ko apirilaren 12a

Xabier Amuriza eta Agus Barandiaranen '85 kopla' emanaldia eskaini dute arratsaldean Belauntzako elizan. Giro ederra izan dute eta herritar ugari gerturatu dira gaurko kontzertura.

Euskal kultura hauspotzeko bigarren emanaldia ikusteko aukera izan da arratsaldean Belauntzako elizan. Gaurko protagonistak ordea, Xabier Amuriza eta Agus Barandiaran izan dira eta eliza ikuslez bete dute.

Bi artistek elkarlanean sortutako '85 kopla' ikuskizuna eskaini dute. Amurizak azken hamarkadatan jasotako eta sortutako koplak izan dira emanaldiaren ardatz eta bere ibilbidearen errepasoa egiteko aitzakia. Barandiaranek trikitixarekin musika jarri die.

'Literatura eta Musika euskaraz' emanaldi sorta martxoan hasi zuten Belauntzan, Xabi Solano trikitilariaren eta Jon Garmendia 'Txuriya' idazlearen 'Bidasoatik Harago' emanaldiarekin. Datozen hilabeteetarako egitaraua ere prest dute; maiatzean Bernardo Atxaga idazlea eta Jabier Muguruza musikaria egongo dira; irailean Aire Ahizpak; urrian Joseba Tapia eta Koldo Izagirre; eta abenduan Jean Bordaxar eta Lagunak arituko dira.

Sarrerak Belauntzako udaletxean eta Ostatuan daude salgai, baita online ere. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!