Musika eta koplak uztartuko dira Belauntzan

Ataria 2026ko martxoaren 31

Xabier Amuriza eta Agus Barandiaranen '85 kopla' emanaldia izango da apirilaren 12an, 18:30ean, Belauntzako elizan. Sarrerak salgai dira dagoeneko.

Euskal kultura hauspotzeko asmoarekin, musika eta literaturaz beteriko egitarau berezia osatu du Belauntzako Udalak. Martxoaren 15ean izan zuten lehen hitzordua Xabi Solano eta Jon Garmendiak ondutako Bidasoatik Harago kantekin osatutako ikuskizun bereziarekin. Emanaldiak ikusmin handia sortu zuen herritarren artean, eta, orain, bigarren hitzorduari eutsiko diote.

Apirilaren 12an izango da, 18:30ean, Belauntzako elizan. Egun horretan, Xabier Amuriza eta Agus Barandiaran izango dira protagonistak 85 kopla izeneko emanaldiarekin. «Musika eta koplak, letrak bakarrik ez direnak, momentuko eta bizitzako irudiak baizik». Hala deskribatu dute emanaldia musikariek. 

Amurizak azken hamarkadetan zehar batu eta sortutako koplak ardatz hartuta, bere bizitzaren errepasoa egingo du hauek aitzaki bihurtuz. Ez du bakarrik egingo, ordea, Barandiaran bide lagunarekin musika eta koplak uztartuko dituen ekitaldi honetan 85 koplen zentzua eta mamia aztergai izango dute.

Sarrerak aurretik erosi beharko dira Belauntzako ostatuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!