Euskal kultura indartzeko egitaraua osatu dute Belauntzan

Ataria 2026ko otsailaren 11

Martxoaren 15an izango dute lehen hitzordua; Xabi Solano eta Jon Garmendiak ondutako 'Bidasoatik Harago' kantekin osatutako ikuskizun berezia eskainiko dute elizan.

Azken urtetan «lanketa berezia» egiten ari da Belauntzako Udala, herria ezagutzera eman eta biziberritzeko asmoarekin. Hala azaldu du Iñaki Telleria alkateak: «Joan den urtean kirolaren alde egin genuen apustua eta urte guztian zehar horren bueltako eskaintza zabaldu genuen; aurten, kultur arloari eman nahi izan diogu bultzada eta horretan gabiltza».

Euskal kultura indartzeko asmoarekin, musika eta literaturaz beteriko egitarau berezia osatu du udalak. Bertan, izen handiko artista ugarik parte hartuko dute; besteak beste, Xabi Solano, Jon Garmendia Txuriya,  Xabier Amuriza, Agus Barandiaran, Bernardo Atxaga, Jabier Muguruza, Joseba Tapia eta Koldo Izagirre artistak izango dira datozen hilabeteetan Belauntzan. Berrikuntza moduan, Jean Bordaxar xiberotarra eta lagunak –Jean-Noel Pinque, Robert Larrandaburu, Jean-Pierre Luro eta Dominique Urruty– ere egitarauarekin bat egin eta ikuskizun berezia egingo dute abenduaren 20an. «Euskal kulturaren aldeko apustua egin dugu oraingoan, herriari nolabaiteko nortasuna emateko eta euskal kultura sustatzeko», gaineratu du Telleriak.

Kontzertu guztiak Belauntzako elizan izango dira, eta sarrerak aurretik lortu beharko dira ostatuan bertan.

Lehena martxoan

Lehen hitzordua martxoaren 15a izango dute, eta egun horretako protagonistak Xabi Solano eta Jon Garmendia Txuriya izango dira. Bi artistek 30 urte daramatzate elkarrekin sorkuntzan; Solanok musika sortuz eta Garmendiak hitzak idatziz. Ibilbide luze horretan 250 kantutik gorako bilduma osatu dute Etzakit, 4itzal edo Esne Beltza bezalako musika taldeetan. Bakarka ere aritu izan dira ikuskizun desberdinetan, eta aldi honetan elkarrekin emanaldia prestatu dute: Bidasoatik Harago

Egileek esaten dutenez, «eskaintza xume bat da honakoa, zentzuak eta emozioak esnatzeko gonbidapena, herriaz, kulturaz, historiaz, desirez, ametsez eta maitasunez hitz egiten duen eskaintza, ordu eta laurdeneko bidean ikus-entzuleari momentu goxo bat pasarazteko nahikeria. Hegoaldetik iparraldera eta iparraldetik hegoaldera Bidasoa ibaian barrena, hitzekin eta musikarekin jolasean arituz entretenimendu aberasgarri bat». Ipuin laburrak eta poemak, trikitixa eta gitarrarekin lagunduta, kantuekin apaindutako ikuskizun bat da Bidasoatik Harago, eta horretaz gozatzeko aukera izango da Belauntzan.

EGITARAUA

  • Martxoak 15, igandea
    • Xabi Solano eta Jon Garmendia Txuriya, elizan.
  • Apirilak 12, igandea
    • Xabier Amuriza eta Agus Barandiaran, elizan.
  • Maiatzak 17, igandea
    • Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruza, elizan.
  • Iraila
    • Aire Ahizpak, elizan.
  • Urriak 25, igandea
    • Joseba Tapia eta Koldo Izagirre, elizan.
  • Abenduak 20, igandea
    • Jean Bordaxar eta lagunak –Jean-Noel Pinque, Robert Larrandaburu, Jean-Pierre Luro eta Dominique Urruty–, elizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!