Barriga Juniors taldeak irabazi du Belauntza Cup

Aitor Arroyo Askarai 2025eko uztailaren 27a

Barriga Juniors taldeak irabazi du txapelketa finalean Urdiña Rottzi 8-4 menderatuta. Hirugarren postua, berriz, Akerrak lortu du Amaiurren G. taldearen aurka.

Barriga Juniors taldeak altxa du, lehenengoz, Belauntza Cup txapelketako garaikurra. Urdiña Rottzi taldea izan du aurkari final estu batean, baina azkenean 8-4 goleko markagailuarekin bukatu da partida. Aurretik jokoan izan dira hirugarren eta laugarren postuak, eta Akerrak taldeak osatu du podiuma, Amaiurren G. kanporatuta. Txapelketako jokalari onenaren saria, berriz, Akerrak taldeko Eusko Kaminosek jaso du.

Indarrak pareko hasi dute txapelketako azken partida, baina lehen zatian lau gol sartu dizkie Barriga Juniorsek Urdiña Rottziri. Atsedenetik bueltan bi gol segidan lortu dituzte (4-2) Urdiña Rottzikoek, baina ezin izan dute errenta txikitu eta, azkenean, 8-4 bukatu da norgehiagoka. Lehiaketaren lehen edizioarekin batera Barriga Juniors taldeak irabazi du saria: Oktoberfestera bidaia eta egonaldia.

Hirugarren eta laugarren postuak
Aipatu bezala, finalaren aurretik partida jokatu dute Akerrak eta Amaiurren G. taldeek podiuma nork osatu ebazteko. Eta norgehiagoka estu baten ondotik launa gol zituztela amaitu zaie jokorako denbora. Hori horrela, penaltietan ebatzi dute emaitza, eta Akerrak gailendu dira.

Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!