Gaztetasunaren hiriburu

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko uztailaren 12a

Gazteen eta gazte sentitzen direnen eguna ospatzen ari dira Belauntzan; Martintxo Kultur eta Kirol Elkartean bertso bazkaria egin dute, eta ondoren, Legorretako Pikukada batukada taldea batu da festara. Gauean izango du jarraipena ospakizunak.

Belauntzak hiriburu sena dauka, edo behintzat, hori adierazten du bertako herritarrek soinean janzten duten kamisetak. Gaur, bada, gaztetasunaren hiriburu izaten ari da. Izan ere, gazteen, edo hobeto esanda, gazte sentitzen direnen eguna ospatzen ari dira.

Bertso bazkariarekin eman diote hasiera egunari. Martintxo Kultur eta Kirol Elkartean egin dute otordua, eta ondoren, Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarra eta Xabat Illarregi leitzarra aritu dira bertsotan. Gaztetasunari buruzko bertsoak botatzeaz gain, zenbait herritar zirikatu dituzte bi bertsolariek.

Saioa amaitzen ari zirela, Legorretako Pikukada batukada taldea heldu da elkartera. Berez, plazan egin behar zuten saioa, baina elkartean giro hobea zegoela ikusirik, barruraino sartu, eta bertan aritu dira danborrak eta gainerako instrumentuei hotsa ateratzen. Bi pieza jo dituzte, eta ondoren, bertsolarien agurra heldu da. Bertsoen gozotasuna eta batukadaren burrunba elkartu dira, beraz, gazte sentitzen direnen gozagarri.

Bertso bazkaria behar bezala bukatu ondoren, kalean izan du segida ospakizunak, Pikukadarekin. Arratsaldean, poteoa egin dute plazako txosnan, eta iluntzean, herriko gazteek prestatutako parrilladaren txanda izango da. Izer eta Alabier trikitilariek emango diote amaiera gaurko ospakizunari.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!