Belauntzako San Joan jaiak 2025

Beroketa lanetan

Ataria 2025eko ekainaren 20a

Belauntzako San Joan jaien txupinazoa igandean botako duten arren, gaur beroketa lanetan aritu dira herritarrak bola eta toka txapelketa herrikoian. Berotu ederra hartu dute, eguzkipean, herritarrek; itzalari deika bi karpa jarrita zituzten belauntzarrek, baina toka edo bola irabazle izan nahi zuenak izerdiak bota behar izan ditu.

Merkurioa 30 graduak pasata, Belauntzako bolatokiak estalpea izan arren, eguzkia ederki sartzen zen barruraino. Kirol-gunean hiru bandatara aritu dira belauntzarrak: toka txapelketan batetik, bola txapelketan bestetik, eta futbolean, azkenik Belauntza Cup-erako entrenatzen.

Bola txapelketan parte hartzeko proba eta sei tirada izan ditu aukeran herritar bakoitzak, zeinek bolo gehiago bota erabakitzeko. 3 bola zituzten aukeran: pisua, arina eta txikia. Hori kontuan izanik, bakoitzak bere estrategia prestatu behar izan du. Herritarrek parte hartzea dohainik izan badute ere, gainontzekoek 5 euro ordaindu behar izan dituzte.

Toka txapelketari dagokionez, gaztetxoak aritu dira batik bat. Umeentzat begirako toka prest bazegoen ere, nagusien tokan parte hartu nahi izan dute gehienek.

Edonola ere, San Joan jaietarako beroketa lanak egin dituzte gaurkoan belauntzarrek. Igandetik aurrera, zer ospatua izango dute eta.

Egitaraua:

  • Ekainak 20, ostirala.
    • 17:30. Bola eta toka txapelketa herrikoia

    • 22:30. Mus txapelketa herrikoia.

  • Ekainak 22, igandea.

    • 12:00. Txupinazoa eta herriko gazteen dantzak.

    • 16:00. Herriko gazteen arteko herri kirolak.

    • 18:00. Tio Teronen semeak taldearen dantza emanaldia.

  • Ekainak 23, astelehena.
    San Joan bezpera

    • 17:00. Urbasa txalaparta eta akrobazia.

    • 20:00. San Joan sua.

    • 20:30. Herri afaria.

    • 22:30. Muxutruk taldearekin erromeria.

  • Ekainak 24, asteartea.
    San Joan eguna

    • 08:00. Diana.

    • 12:00. Meza eta ondoren hamaiketakoa.

    • 16:30. Herriko gazteen arteko pilota partidak.

    • 18:00. Bertso saioa.

    • 20:00. Patata tortilla txapelketa.

    • Jarraian. Izer eta Alabier.

  • Ekainak 25, asteazkena.

    • 12:00. Puzgarriak eta jolasak.

    • 14:00. Umeen eta gaztetxoen bazkaria.

    • 16:00. Puzgarriak.

    • 18:00. Apar festa.

    • 19:30. Saiheski jatea Joselu Anaiak taldeak alaiturik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!