Energia-komunitateak sortzeko saioak Belauntzan

Ataria 2025eko apirilaren 30a

Hiru saio egingo dituzte maiatzean eta ekainean, kultur etxean; energia-komunitateak zer diren azaldu eta horiek abian jartzeko eman beharreko urratsen berri emango dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, energia-komunitateak bultzatzen jarraitzeko, herritarrei zuzendutako hiru informazio saio antolatu ditu Belauntzan. Maiatzaren 6an eta 20an eta ekainaren 3an izango dira, 18:30ean Kultur Etxean. Saioen helburua da jakinaraztea zer diren energia-komunitateak, nola lagun dezaketen energia-aurrezpenean eta -jasangarritasunean, eta zer urrats egin behar diren horiek abian jartzeko.

Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, aholkularitza teknikoa, juridikoa eta administratiboa eskaintzen da, bai eta laguntza ekonomikoak ere, autokontsumoko, biltegiratzeko eta mugikortasun elektrikoko sistemak instalatzeko.
Saioen ziklo hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Gipuzkoan eredu energetiko jasangarriagoa eta kolaboratiboagoa sustatzeko duen estrategiaren parte da. Hala, informazioa eta tresnak eskuratzeko aukera ematen du, udalerriek eta auzotarrek beren burua antolatu ahal izan dezaten eta energia berriztagarria sortzearen eta partekatzearen abantailak aprobetxatu ahal izan ditzaten.

Gaur egun, Gipuzkoan herritarren 60 energia-komunitate daude martxan 55 udalerritan, 10.000 familia baino gehiago biltzen dituztenak. Helburua da 2027an lurraldeko udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat funtzionamenduan izatea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!