Koloreztatu dute parke ondoko horma

Ataria 2025eko apirilaren 5a

Parkearen ondoko paretan horma-irudia margotzen aritu dira goizean Belauntzako haurrak eta haien gurasoak.

Sormen tailerrak antolatu izan ditu Zorione Mendez Martinek Belauntzan eta, besteak beste, eguberrietan Olentzero eta Mari Domingi osatu zituen herriko gaztetxoekin batera. Orain udalak, lauzpabost hilabete dituen parkearen aldameneko horma-irudia pintatzeko gonbita luzatu dio Mendezi eta herritarrekin batera aritu da gaur goizean langintza horretan.

Bederatzi lagunek hartu dute parte gaurko margotzean, haurrak eta haien gurasoak. Irune Izquierdoren laguntzarekin diseinatu du Mendezek paretan joango den irudia. «Sinplea da, kolektiboan egitea zelako helburua. Udaletik koloretsua izan zedin eskatu zidaten eta parkeko kolore berdinak erabili ditugu, bateren bat gehituta. Naturako elementuak txertatu ditugu horma-irudian».

Eguzkiak, lainoak, loreak, hostoak eta euri tantaren bat ikusi daitezke muralean. Azken ukituak eman eta hemendik gutxira bukatuta egotea espero dute arduradunek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!