ERREPORTAJEA

Bost mendeko dardara

Aitor Arroyo Askarai 2024ko aza. 16a, 07:59

'Dardarak' album ilustratuaren aurkezpena. MIREIA GALARZA / GUKA

1503an epaitu zuten Katalina Belauntzakoa «haragizko harremanak» izateagatik Maritxu Oiartzungoarekin; hori ardatz hartuta album ilustratu bat eta erakusketa bat sortu dituzte.

Duela bost mende baino gehiago, 1503ko uztailaren 21ean epaitu zituzten Katalina Belauntzakoa eta Maritxu Oiartzungoa elkarrekin «haragizko harremanak» izateagatik. Istorio horretatik abiatuta, elkarlanean, bi proiektu ondu dituzte Joana Aurrekoetxeak, Irene Iruretak eta Karmele Mitxelenak: Dardarak album ilustratua eta Dardarak artxiboan erakusketa. Datorren ostiralean haren jaioterrian aurkeztuko dute proiektua, Belauntzan, 18:30ean, kultur etxean.

Oinarria Belauntzako Katalinaren istorioa bada ere, fikziozko kontakizun bat jasotzen du liburuak, non adineko bi emakume elkarrekin bizi diren eta etxegabetuak izateko zorian dauden. Erakusketan, berriz, Erdi Aro eta Errenazimentu garaietatik hasita sexu disidentziak nola erreprimitu diren aztertu eta «memoria, aitortza eta erreparazioa» izan dituzte helburu.

«Hainbat geruza ditu liburuak, eta irakurketa ezberdinak egin daitezke irakurlearen adinaren arabera», horrela hitz egin du Mitxelenak liburuaren inguruan. Liburuan gatazka bat kontatzen da, eta Iruretak azaldu du haurrek hori «erabat» ulertu ezin badute ere, barneratzen dituztela beste kontzeptu batzuk: «Informazio gehiago edo gutxiago jasotzen dute; baina, zalantzarik gabe, istorioa irakur dezakete». Adinik egokiena 8 eta 10 urte inguru dela uste du Mitxelenak, baina nabarmendu du inguruan badituela bost urte inguruko haurrak, zeinak liburuaren «oso zaleak» diren.

Limoiak ditu azalean, istorioan azaltzen den limoiondo baten isla. Eta zer du, bada, limoiondoak? Kontakizunean zehar pertsonaiei eragiten dieten gertakizunekin —dardarekin— fruituak galtzen joaten dela, limoirik gabe geratzeraino. Marrazkiaren zentzua azaldu du Iruretak: «Bizitzaren zikloa bezala ulertzen dut nik limoiondoa. Horrez gain, zaintza ere irudikatzen du zuhaitzak, elkar zaintzearekin batera zaindu behar baitute limoiondoa ere». Marrazkilariak esandakoari Mitxelenak gehitu dio «etxe eta zaintza» kontzeptuek «presentzia handia» dutela lanean, eta horiek islatzen dituela, besteak beste, limoiondoak.

Erronka eta eginahal

Hirurek ala hirurek aitortu dute zenbait erronka izan dituztela Dardarak album ilustratua osatzeko garaian eta, gutxi-asko, zailtasun batek biltzen ditu: istorioa kontatzea estereotipoetan erori gabe. Marrazkiei dagokienez, Iruretak aipatu du ez dela «erraza» izan «betiko» irudietatik ateratzea eta «nortasun propioa» irudikatzea emakume bakoitzarentzat: «Ez genituen benetako Maritxu eta Katalina marraztu behar. Asmatu egin behar genituen, baina ezin zuten izan betiko figurak, eta zerbait kontatu behar zuten irudiaren bitartez». 

Zentzu horretan, «adineko euskal emakume prototipoa» berariaz saihestu dutela zehaztu du Aurrekoetxeak: «Errulorik gabe, masail gorriturik gabe, josten irudikatu gabe... Maitasunaren ideiari lotuta, bi emakume elkarrekin irudikatzean 'goxotasuna' eta halako topikoak etortzen zitzaizkigun burura eta horrekin ere hautsi nahi izan dugu». Hortik harago, bi «amonatxo maitagarri» aurkeztu beharrean, helburu izan dute elkarrekin bizi diren eta elkar desio duten «bi subjektu» irudikatzea.

Hari berari tiraka, Aurrekoetxeak nabarmendu du, hasieran, «betiko» maitasun istorio bat kontatzeko joera izan dutela: «Ahalegin kontziente bat egin dugu beti kontatu dizkiguten bikote harreman erromantiko horietatik urruntzeko». Hori horrela, egileen hitzetan, maitasun istorio bat kontatzen du liburuak eta, aldi berean, beste zenbait kontzeptu ere nabarmentzen ditu: «Zaintza, biluztasuna, adineko emakumeen desioa... Tabu diren hainbat gai lantzeko eta ikustarazteko ahalegina egin dugu».

Iruretak egin ditu ilustrazioak eta Aurrekoetxea zein Mitxelena arduratu dira kontakizunaz. Eta, erronkak erronka, elkarrekin elkarlanean «oso ondo» moldatu direla aipatu dute hirurek. Kanpoan izan da marrazkilaria, baina hori ez da traba izan: elkarrekin harremanetan egon dira uneoro, eta ekarpenez ekarpen findu dituzte nola marrazkiak, hala testua. Emaitzarekin «oso pozik» daudela nabarmendu dute, eta egindako lanak «merezi» izan duelakoan, «atzera eta aurrera» eman dituzten pausoak gorabehera.

Bestalde, harreraren inguruan, hirurek aipatu dute publikoak «oso ondo» hartu duela liburua. «Gaia ez da asko landu, oro har, argitalpenetan eta originala iruditu zaiola esan digu jendeak». Zentzu berean gehitu dute «istoriotik harago» protagonisten ohiko ereduarekin ere «puskatu» egin dutela: «Adineko bi emakumeren irudia, protagonista rolean, ez da oso ohikoa haur eta gazte literaturan. Oso ezberdina da horri dagokionez». Eta, Aurrekoetxeak aipatu du, baduela beste «berezitasun» bat ere, hain zuzen, liburuaren amaieran aipatzen dela zein den asmatutako istorioaren jatorria: «Irakurlearentzat sorpresa bitxia izango da jakitea benetan existitu zirela Maritxu eta Katalina; eta fikziozko istorio hau egiazko pertsona batzuetatik abiatuta eraiki dugula».

Egiazko istorioa

Aurrez aipatu bezala, liburuarekin batera prestatu dute erakusketa. Hori ere gertakari errealetan oinarrituta sortu dute eta helburu ditu, besteak beste, «memoria, aitortza eta erreparazioa». Iruretaren ilustrazioetatik abiatuta kontatzen dute Katalina Belauntzakoaren eta Maritxu Oiartzungoaren istorioa; eta, horrekin batera, azaldu garai hartan nola ulertzen eta zigortzen zuten homosexualitatea.

Aurrekoetxeak zehaztu du Erdi Aro eta Errenazimentu garaiko Europa Mendebaldeko bibliografia aztertu dutela sexu eta genero disidentzien inguruan: «Ohartu gara zenbaterainoko balioa duen Katalinaren auziak Europa mailan ere, tamalez ez baitago jasota historiografia androzentrikoaren kontakizunetik kanpo gelditzen ziren emakumeen, genero eta sexu disidenteen, klase baxuko herritarren, pertsona arrazializatuen, eta gainerako subjektuen historia». Hori horrela, Katalinaren istorioa «balio handiko lagina» delakoan daude.

Hasiera batean pentsa daitekeenaren aurka, gaineratu dute okerra dela pentsatzea urteetan zehar zigorrak gutxitzen joan direla, eta nabarmendu dute helburu behinena gaiaren inguruko ezagutza eta ikuspegia «zabaltzea» dela: «Ibilbide moduan garai hartara eramango du bisitaria, eta gure asmoa da ikuspegia zabaltzea eta garai horren inguruko ezagutza sakontzea. Maritxuren eta Katalinaren istoriotik hasita, baina harago». 

Zergatik hartu, ordea, hainbeste lan? Aurrekoetxeak uste du gaiaren inguruko «irudi oso okerra» duela jendeak eta «ikusgarritasuna» eman nahi diote, iritzita ezkutuan daudela errealitate horiek: «Erakusketak topiko batzuekin apurtzen du, hainbat bitxikeria ezagutarazten ditu eta gaur egun presente dauden ideologien jatorriez hitz egiten du. Gako batzuk ematen ditu gaur egungo testuingurua ulertzeko eta ezkutuan dagoen errealitate bati plaza eder bat eskaintzen dio». Hari horri tiraka, proiektuaren bitartez «memoria, aitortza eta erreparazioa» eskaini nahi diete Maritxu eta Katalinari, «oso sinbolikoki eta 500 urte geroago» bada ere.

Iragana eta etorkizuna

Katalinaren 1503ko auzi juridikoa 2005ean argitaratu zuen Jesus Angel Solorzano Erdi Aroan adituak ikerketa baten barruan. Aurrekoetxeak aipatu du horren berri izatera iritsiko zela Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua (EHGAM) eta, haien bitartez, Bilgune Feminista. Azken horrek 2009an kale ekintza bat egin zuen Donostian, Errege Katolikoen kalean. «1497an Errege Katolikoek lege berri bat atera zuten, non akusatuak harreman lesbiko edo homosexualak izateagatik erretzera kondenatzen zituzten». Hortik abiatuta, aldarrikapen gisa kaleari izena aldatu eta Katalina Belauntzakoaren eta Maritxu Oiartzungoaren kalea zioen plaka jarri zuten horman. Zergatik, ordea, Donostian? Bada, Donostiako alkateak agindu zuelako Katalina atxilotzeko eta torturatzeko.

Liburua eta erakusketa aurretik aipatutako helburuak lortzeko gauzatu dituzte eta, orain arte, Euskal Herriko zenbait lekutan aurkeztu dituzte. Erakusketa ikusgai izan da, besteak beste, Oiartzunen eta Tolosan, eta Zumaian ere aurkeztu dute liburua. Aurrera begira, berriz, urtarrilaren 15ean Hernanin proiektua jendaurrean jarri eta erakusketa ikusgai egongo da hilabetez; Donostiako Aiete auzoan martxoaren 6tik 30era ikusi ahal izango da erakusketa; eta ekainean zehar Errenterian egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!