Azoka eguna izango dute urriaren 27an, Belauntzan

Ataria 2024ko urr. 14a, 10:39

Artisau eta nekazari postu ugari izango dira, eta tartean, abere erakustaldia, emanaldi musikala eta argazki lehiaketako sari banaketa egingo dituzte. Ondoren, herri bazkaria egingo dute Ostatuan.

Urteroko moduan, Belauntzako Udalak azoka antolatu du. Hortaz, aurten ere herriko artisau eta nekazarien postuak izango dira hilaren 27an, 10:00etatik 14:00etara. Ohi bezala, abereen erakustaldia ere egingo dute, eta mokadu bat hartu nahi duenak horretarako aukera ere izango du azokan bertan.

Horrez gain, hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da. Esaterako, Sonokando Jazz Duoak emanaldi musika eskainiko du, 11:00etatik 13:00etara. Horren ostean, II. Argazki Lehiaketako sari banaketari emango diote hasiera. Eguerdian, herri bazkaria egingo dute, 14:30etatik aurrera, Ostatuan. Bazkarirako tiketak dagoeneko Ostatuan daude eskuragarri. Ondoren, Izer eta Alabier izango dira Ostatua girotzen, 16:30etatik 18:30etara.

Argazki lehiaketako izen-ematea zabalik

Dagoeneko zabalik da II. Argazki Lehiaketako izen-ematea. Urteroko moduan, lehiaketak bi kategoria izango ditu; 14 urte artekoena eta 14 urtetik gorakoena. Parte hartzaileek Belauntzako mugetan aterako behar izango dituzte argazkiak, eta horretarako argazki kamera erabiltzea hobetsi du udalak, «argazkien kalitatek ona behar baitu izan». Parte hartzaile bakoitzak bi argazki horizontal bidali ahal izango ditu gehienez. Argazki bertikalak lehiaketatik kanpo geratuko direla jakinarazi du udalak.

Argazkiak igandea baino lehen bidali beharko dira udala@belauntza.eus helbidera idatzita. Argazki bakoitzak titulua izan beharko du eta helbide elektronikoan parte hartzailearen izen-abizenak eta adina jartzea beharrezkoa izango da. Bildutako argazkiekin erakusketa egingo du udalak eta argazki sarituak herriko egutegia osatzeko erabiliko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!