Belauntzako jaiak 2024

Suaren aurretik bola eta toka txapelketa

Ataria 2024ko eka. 22a, 12:12

Belauntzarrak dagoeneko San Joan jaietan murgildurik daude. Ohiturazkoa duten bola eta toka txapelketarekin abiatu dute eguna.

San Joan eta uda binomio izatea nahi izaten dugu, baina gaurkoan eguraldiak ez du gehiegirik lagundu. Belauntzako kirol-gunean bolan eta tokan ari ziren bitartean zirimiria ere bazen. Herria esnatzen ari zela oraindik, hainbat herritar fin esnatu dira ohituzkoa den bola eta toka txapelketan lehiatzeko. Izan ere, eskualdeko bolatoki bakarrari etekina ateratzea ezinbestekoa izaten da Belauntzako San Joan jaietan.

Dozena bat herritar, gehienak gizonezkoak, bolatokiaren eta toka zelaiaren bueltan; txandaka aritu dira, nor lehiatzen, nor fitxak eta bolak jasotzen.

Gazteenengan zaletasuna piztu nahian, euren tamainara egokitutako toka jokoa ere bazuten zelaian prest. Musika lagun, jokorako txandak luzatu dira, bai tokan eta baita bolan ere.

Aurretik, asteburu osoan zehar festarako aukera ez da falta izango Belauntzan:

LARUNBATA

  • 10:30. Bola eta toka txapelketa.
  • 12:00. Txupinazoa.
  • 16:00. Arku tiroa.
  • 18:00. Tio Teronen semeak dantza emanaldia.
  • 19:00. Herriko gazteen dantza.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 22:30. Markel DJa.

IGANDEA

  • 11:00. Goitibera jaitsiera.
  • 18:00. Herriko gazteen arteko herri kirolak.
  • 20:30. Patata tortilla txapelketa.
  • 21:00. Zahagi ardoa eta San Joan sua.
  • 21:30. Izer eta Alabier trikitilariak.

ASTELEHENA

  • 09:00. Diana.
  • 12:00. Meza eta ondoren hamaiketakoa.
  • 17:00. Herriko gazteen arteko pilota partidak.
  • 19:00. Bertso saioa Maialen Lujanbio, Julio Soto, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabalekin. Gai-jartzaile lanetan Amaia Agirre.
  • 21:00. Andoni Ollokiegi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!