Belauntzako festak irudikatzeko marrazki lehiaketa antolatu dute

Ataria 2024ko apirilaren 11

Marrazki irabazlea herriko festetako programan aterako da; lanak entregatzeko azken eguna maiatzaren 20a izango da eta sari banaketa ekainaren 24an egingo dute.

Marrazki lehiaketa antolatu du Belauntzako Udalak, 4 eta 16 urte bitarteko herriko haur zein gazteentzat. Gaia Belauntzako festak izango da, honela, lehiaketako irabazlearen marrazkia aurtengo festetako programan ateratzeko aukera izango du.


Horrelako ekimena antolatzen duten lehen aldia dute Belauntzan, eta herritarren parte hartzea bultzatzeko helburuarekin antolatu dutela esan dute. Lanak entregatzeko azken eguna maiatzaren 20a izango da eta parte hartzaileek gutunazal batean aurkeztu beharko dituzte lanak udaletxean. Bertan, euren marrazkia ez ezik, izena, abizenak eta adina idatzi beharko dituzte aparteko paper batean.  Parte hartzaile bakoitzak marrazki bana aurkezteko aukera izango du. Sari banaketa ekainaren 24an ospatuko da eta bertan jakingo da noren marrazkia izango den festetako programa osatzen duena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!