Bi legealditan zinegotzi izan eta gero, bigarren agintaldia hasi berri du Iñaki Telleriak (Tolosa, 1984) alkate moduan. Azken legealdiko azken bi urteetan Silvia Moneoren lekukoa hartu zuen. Oraindik «kokatzen» ari dela esan du, baina kudeaketa «gustura» egiten duela.
Zer egiten du tolosar batek Belauntzan?
Nire amak eta izebak jatetxe bat dute Berrobiko bidean, eta aitzakia horrekin inguruko herritarrekin beti izan dugu harremana. Gainera, duela hamabi urte baserri bat erosi nuen Belauntzan. Hemengo herritarrak ezagutzeaz gain, alkatea ere ezagutzen nuen eta zinegotzi sartu nintzen. Bi legealditan aritu naiz zinegotzi moduan, eta azken legealdiko azken bi urteetan alkate izan nintzen. Orain, kargu horri eutsi diot berriz.
Zer moduz doa agintaldi berria?
Kokatzen ari naiz, baina ondo moldatzen naiz, pozik nago. Banekien nolako lana izango zen; kudeaketa asko gustatzen zait.
Legealdi honetarako zer erronka duzue?
Belauntza energetikoki herri autosufizientea izatea nahi dugu . Plakak jarrita daude dagoeneko eta instalazio guztiarekin hastera goaz. Herritarrak erakartzea ere izango da gure beste erronka nagusietako bat. Herritarrek hori eskatu zidaten beharra ikusten dutelako. Izan ere, hemengo bizilagunek ez dute lasaitasuna nahi, kontrakoa baizik. Festa nahi dutela esaten didate, eta horregatik, inguruko herritarrak gurera erakarri eta herria girotzeko erronka dugu. Horrez gain, herritarren artean komunitatea sortzeko asmoa dugu.
Herri giroa sustatzen jarraitzeko egitasmorik duzue esku artean?
Igandean, esaterako, egun guztiko dantza jaialdia antolatu dugu. Jendetza espero dugu, izan ere, Swing ospe handiko dantza eskolako irakasleek gidatuko dituzte saioak. Ekitaldi hori ondo ateraz gero, urtero antolatzeko asmoa dugu. Elkarlana bultzatu eta komunitatea sortzeko helburuarekin, herritarren partaidetzarekin lotutako proiektu batzuk lantzen hasiak gara. Esaterako, kirol eta kultura esparruan edo auzolanean. Orain arte kultura esparruan zentratu gara gehien, baina gainontzeko esparruak ere indartzeko asmoarekin gaude.
Eta, zein proiektu gehiago dituzue?
Tolosan gabezia batzuk ikusten ditut hemen erraz eskaini daitezkeenak. Aisialdiarekin lotutako zenbait ekimen bultzatzeko asmoa dugu, esaterako, ping pong edo billar mahai bat jarri, herritarrak herrian geratzeko eta ingurukoak hona etortzeko.
Belauntzan, gainera, bolo eta tokan jolasteko ohitura handia duzue.
Bai, horri lotuta txapelketaren bat antolatuko dugu. Horrez gain, 24 orduko txapelketak egiteko asmoa dugu, bai futbolekoak baita saskibaloikoak ere. Gainera, beste proiektu bati emango diogu berehala hasiera; futbol zelaiaren ondoan saskibaloi zelaia jartzeko asmoa dugu. Izan ere, horretan zaletuak diren herritarrak ditugu, eta horretan jarriko genituzke lanean.
Etxebizitza arloan baduzue egitasmorik epe motzera?
Bai, horretan ari gara lanean. Ostatu azpian dagoen belazean etxebizitzak eraikiko ditugu eta plaza guztia oinezkoentzat jarriko dugu. Esku artean dugun proiektua da. Lizitazioak aterata daude eta horiek esleitzea bakarrik falta zaigu. Herritarrek interesez hartu dute proiektua.
Proiektu batzuk aurrera ateratzeko beste erakundeen laguntzak beharrezkoak zaizkizue zuena bezalako udal txikiei. Eskualde mailako kooperazioa nola ikusten duzu?
Ondo. Orain arte herritarren beharretan bakarrik zentratu naiz, baina orain hasi naiz eskualdeko erakundeekin batera elkarlanean. Gainera, talde berria sortu dugu eta oso gustura nabil, nik nahi nuen jendea biltzea lortu baitut. Aurtengo legealdian oposiziorik ere ez dugu izan eta hauteskundeetan lortutako emaitzarekin oso gustura geratu gara.
Zein da zuen kezka nagusia?
Etxebizitza gutxi ditugula Belauntzan. Herrian bertan etxea erosteko zain dauden herritar asko ditugu. Zaila da gazteentzako etxeak egitea, metro karratua garestia baita eta ezin dira etxe asko egin metro karratu kopuru mugatu batean. Beraz, etxe txikiak eraiki behar ditugu. Hala ere, egoera horri irtenbide hoberena ematen saiatuko gara.
Zein mezu zabalduko zenuke belauntzarren artean?
Belauntza aurrera doa, eta edozein proposamenerako udaletxeko ateak zabalik izango dituzue.