Artisau eta ganadu azoka egingo dute Belauntzan, urriaren 29an

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 10a, 14:59

Herriko abereek eta nekazariek hartuko dute, beste behin, Belauntzako plaza; sega pikatze erakustaldia eta argazki lehiaketako sari banaketa ere izango dira, eta ondoren, bazkaria egingo dute ostatuan.

Urteroko moduan Belauntzako Udalak azoka antolatu du. Beraz, aurten ere artisau postuek eta herriko abereek herriko plaza hartuko dute urriaren 29an, igandean, 10:00etatik 14:00etara. 25 postu izango dira guztira, eta baserriko produktu eta artisau lan desberdinak aurkitu ahalko dira bertan. Horrez gain, sega pikatze erakustaldia egingo dute 12:00tan, eta 12:30etan, berriz, argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte. Aurtengo gai nagusia Nire Belauntza izango dute parte hartzaileek, eta urriak 20a arte bidali ahalko dituzte lanak udala@belauntza.eus helbidera idatzita.

Azoka amaituta, 14:00etatik aurrera, herri bazkaria egingo dute ostatuan, eta horren ostean, erromeria izango dute Joxe Mendizabalen eskutik. Bazkarirako txartelak ostatuan izango dira salgai.

Bestelako jarduerak

Belauntzako Udalak kultur jarduera ezberdinak antolatu ditu urriko agendaren barruan. Horien artean, 6 eta 14 urteko gazteei zuzendutako Olentzero eta Mari Domingin sortuz izeneko eskulan tailerra izango da, gabonetan Olentzero eta Mari Domingin herriko plazan leku izan dezaten. Azaroak 3, 10, 17 eta 24an eta abenduak 1 eta 15ean izango dira horiek sortzeko saioak, 17:30etatik 19:00etara, kultur etxean. Tailerra doanekoak izango da eta urriak 18a baino lehen eman beharko da izena udaletxean.

Urriak 22an, berriz, Belauntzan saltsa badago! zumba, batxata eta salsa ikastaroa egingo dute herriko plazan, 11:00etatik aurrera. Urriak 28an, Orain-Bi konpainiak Mute zirku ikuskizuna egingo du, 17:00etan, plazan. Ondoren, txokolate beroa banatuko dute ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!