Patinaje ikastaroa egingo dute Belauntzan

Ataria 2023ko apirilaren 12a

Apirilaren 22an hasi eta lau asteburuz luzatuko dira saioak, Belauntzako pilotalekuan, eta apirilaren 17a baino lehen eman behar da izena udaletxean.

Apirilaren 22an eta 23an, maiatzaren 6an, 7an, 13an eta 14an eta ekainaren 3an eta 4ean izango dira saioak. Aitor Vacas eta Ilazki Zalakain izango dira irakasleak, eta 5 eta 10 urte arteko haurrei eta 10 urtetik gorako gaztetxo eta helduei zuzenduta egingo dituzte saioak. Taldeak aurrera ateratzeko, gutxienez 8 lagunek eman behar dute izena talde bakoitzean.

Haurrek, larunbatetan 16:00etatik 17:00etara eta igandeetan 10:00etatik 11:00etara ikasi ahal izango dute; gaztetxoek eta helduek, berriz, larunbatetan 17:00etatik 18:00etara eta igandeetan 11:00etatik 12:00etara izango dituzte saioak.

Prezioei dagokionez, izena ematen duen herritar bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu; gainerakoek, berriz, 30 euro. Partaide bakoitzak, gainera, etxetik eraman beharko ditu kaskoa eta belaunetako eta ukondoetako babesak. Ordainketa ikastaroa hasi baino lehen egin beharko da eta kurtsoan zehar baja ematen ez bada, ez da diru itzulketarik egingo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!