Ingeles ikastaroa eta abenduko Kulturaldia antolatu dituzte Belauntzan

Ataria 2022ko abenduaren 15a

Argazkia: Oneka Tirado

Gabonetako ohiko ekitaldiez gain, ludoteka zerbitzua izango da herrian; hasiberriei zuzendutako ingeles ikastaroa egingo dute urtarriletik aurrera.

Belauntzan kulturak bere lekua izango du abenduan. Igandean Tor magoaren emanaldia izango da, 18:00etan, kultur etxean, eta abenduaren 24an ohiko Gabon eskea eta Olentzeroren etorrera izango dituzte. Gabon eskea 15:00etan izango da eta Olentzero 18:30ean iritsiko da. Opari banaketa elizako teilatupean egingo du ikazkinak. Abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era ludoteka zerbitzua izango da gainera. 08:15etik 14:45era bitarte izango da ludoteka.

Bestalde, helduei zuzendutako ingeles ikastaroa antolatu du udalak. Ikastaroa urtarrilaren 10etik aurrera izango da eta astelehenetan eta asteazkenetan izango da, 19:00etatik 20:00etara, kultur etxean. Hasiberriei zuzendutako ikastaroa da eta 59 euro ordaindu behar da. Talde bakoitzean 5 pertsona egon behar dira gutxienez, eta izena udaletxean eman behar da hilak 19 baino lehen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!