Ganadu eta artisau azoka egingo dute igandean Belauntzan

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 25a, 07:59

Goiz osoan zehar herriko abereek eta inguruko artisau eta produktuek hartuko dute Belauntzako plaza. Ondoren, herri bazkaria egingo dute ostatuan.

Urriaren 30erako, iganderako, ganadu eta artisau azoka antolatu du Belauntzako Udalak. 10:00etatik 15:00etara bitartean, herriko abereak eta inguruko artisau eta produktuak izango dira plaza inguruan. Azokako produktuekin osatutako saski baten txartelak saltzen ibiliko dira goizean zehar, eta 14:00etan egingo da zozketa.

Haurrentzat ere bada eskaintza. 10:00etatik 11:00etara xaboia egiten ikasteko tailerrean parte hartzeko aukera izango dute. Eta ondoren, 11:30etik 13:30era bitartean, Tramankulu jolas kooperatiboak izango dira ume eta gazteentzat.

Goizeko festa amaitu ostean, 15:00etan, herri bazkaria egingo dute Belauntzako Ostatuan. Gaur amaituko da txartelak erosteko aukera. Ostatuan eskuratu ahalko dira, helduek 25 euroren truke eta hamalau urte artekoek 12 euroren truke.

Mozorrotzeko eguna

Azoka egunaren biharamunean, urriaren 31n, Gau Beltza ospatuko dute. 17:00etan jarri dute hitzordua, etxean irudimenarekin egindako mozorroak prestatu eta mozorrotuta agertzeko. Eskulanak egingo dituzte, kalabazak dekoratuko dituzte eta txokolate beroa jango dute ondoren.

Antolatzaileek esan dutenez, 12 urtez azpikoek heldu baten laguntza beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!