Belauntzako I. Goitibehera Jaitsiera egingo dute igandean

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 14a, 11:15
Argazkia: Euskalkopa.com

Igandean, 11:00etan emango diete hasiera jaitsierari; bihar amaituko da izena emateko epea eta Euskalkopa.com helbidean egin beharko da.

I. Goitibehera Jaitsiera antolatu dute Belauntzan eta igande honetan izango da, 11:00etan hasita. Edonork hartu dezake parte, eta izen ematea bihar amaituko da. Euskalkopa.com helbidean apuntatu behar da.

Iñaki Telleria Belauntzako alkateak azaldu du zortzi modalitate desberdin daudela goitibeheran: "Errodamenduetatik hasita, pertsona kopuru ezberdinak ere kontuan hartzen dira, zortzi modalitate dira guztira". Sputnik izeneko modelo batzuk ere badaude, egurrezkoak direnak eta patinaren gurpilak dituztenak, eta Belauntzan, horiek alokatzeko aukera izango da. Eguneko asegurua 10 euroren truke eskuratu ahalko da.

"Goitibeherak homologatuak izan behar dute, eta batzuek beraienak ekarriko dituzte, eta besteek bertan alokatuko dituzte". Euskal Herriko 50 parte hartzaile inguruk dagoeneko izena eman dutela kontatu du alkateak. "Afizioa badago, badoa berpizten berriro ere, izan ere, urtez urte jaitsiera gehiago ari dira antolatzen".

Irteera hilerria baino zertxobait gorago kokatu dute, eta helmuga udaletxe aurrean izango da. "Maldan Behera elkartea da antolatzen ibiltzen dena, eta haiek esan digutenez, Euskal Herriko jaitsiera politenetarikoa da Belauntzakoa", esan du Telleriak. Belauntzak dituen aldapak ikusita bururatu zitzaien goitibehera lasterketa bat antolatu zezaketela herrian.

Proba puntuagarria izango da, batetik, Euskal Inertzia Kopa 2022rako, eta, bestetik, III. Sputnik Koparako. Hiru jaitsiera egingo dituzte parte hartzaileek, lehena entrenamendu gisan eta gainerako biak puntuagarriak, eta denbora hoberena egiten duenak irabaziko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!