Oinatz Bengoetxea elastiko zuriz, Belauntzan

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko martxoaren 5a

Oinatz Bengoetxea leitzarrak aurreko larunbatean jokatu zuen agurreko partida Iruñeko Labrit pilotalekuan. Gaur Belauntzako pilotalekuan jokatu du lehen partida elastiko zuriz Iñigo Labaka atzean lagun duela. 22-20 irabazi dute partida, eskualdeko Jon Erasun eta Eneko Maiz pilotarien aurka. Partida amaieran, belauntzarren goxotasuna izan du eta txapela, saskia, agurra eta bertsoak jaso ditu Oinatz Bengoetxeak.     

Belauntzako Berdintasuna eta Kirola elkarteak antolatuta jaialdi ederraz gozatu ahal izan dute Belauntzako pilotalekura gerturatu direnek. Pilotari profesional moduan ibilbidea amaitu berritan iritsi da Belauntzara Oinatz Bengoetxea. Atzean Iñigo Labaka izan du lagun, eta aurkari, berriz, Jon Erasun eta Eneko Maiz. 

Elastiko zuriz eta bizkarrean Leitza jartzen duela atera da kantxara pilotaria. Zain zituen pilotazaleak. Sakea urdin, eta 1-3 galtzen hasi dira zuriak. Hirunako berdinketaren ostean, 5 eta 4koan aurreratu dira zuriak eta ostean bederatzina jarri dira.

Txalo zaparrada jaso du Erasunek zabalean tanto eginda poltsikoratu duen hamargarren tantoak. Hamabina jarri dira, eta hortik aurrera, Bengoetxeak egin dituen tanto batzuei esker aurrea hartu diete urdinei 17-13 jarriz. Paretsu egin dute 22rako bidea: 17-14; 17-16; 19-16; 20-17 eta 21-18. Azkenean, 22 eta 20 amaitu da partida. Partida dotore joan da, eta txokoan zein zabalean tanto ederrak eskaini dituzte pilotariek.

Arratsaldea bikain borobildu dute belauntzarrek. Iñaki Telleria alkateak txapela jarri dio. Jarraian, saski eder bat oparitu dio Iraitz Arrospide korrikalariak, eta agurra dantzatu dio herriko haur batek. Bukaera Iker Zubeldiaren bi bertsok jarri dute.

Jaialdiari hasiera, ordea, gazte mailako partida batekin eman diote. Oier Aramendi eta Jokin Tolosak 18 eta 8 irabazi diete Iñigo Etxabe eta Ugaitz Mujikari. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!