Belauntzako frontoian Oinatz Bengoetxea ikusteko aukera

Ataria 2022ko martxoaren 3a

Arratsalde berezia bizituko dute larunbat honetan Belauntzan. Bere ibilbide profesionala bukatu berritan, Bengoetxea VI.ak partida jokatuko duelako herriko frontoian.

Leitzarrak aurreko larunbatean jokatu zuen agurreko partida Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta etzi Belauntzako frontoian izango da. Belauntza Berdintasuna eta Kirola elkarteak antolatuta, jaialdi oparoa izango da, 18:00etan hasiko dena. Lehenengo partidan afizionatuen mailako binakako neurketa izango da. Ondoren, Bengoetxea VI.aren partida izango da. Leitzarrak atzelari moduan Esnaola izango du, eta aurkari Eneko Maizek eta Jon Erasunek osatutako bikotea. Jaialdia bukatzeko Iker Zubeldia bertsotan ariko da. 

Sarrerak 10 euro balioko du, eta Belauntzako Ostatuan, Belauntzako Bentan eta Leitzako Arakindegin erosi daitezke, edo baita 695779224 zenbakira Whatsapp mezua bidalita ere, edota bbkelkartea@hotmail.com helbidera idatziz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!