Lehen partidak jokatu dituzte bolatoki berrian

Leyre Carrasco 2021eko abenduaren 19a

Goizean inauguratu dute Belauntzako bolatoki berria, eta hainbat herritar gerturatu dira lehen partidak jolastera.

Kirola bultzatzeko asmoarekin hainbat proiektu abiatu dituzte Belauntzan, eta horietako bat izan da bolatoki berria. Aldai baserriko zelaian eraiki berri dute, eta Belauntzako hirugarren bolatokia da. Lehena Benta jatetxe parean zegoela gogoratu du Ramon Lopetegi herritarrak: "San Joanetan bakarrik ibiltzen ginen, baina bertan taberna zegoenez, tarteka hainbat ardo jokatu eta hor egiten genituen tiradak".

Mimo handiz eraiki duten proiektua izan dela azaldu du Lopetegik. Izan ere, eskualdean estalita dagoen lehen bolatokia da Belauntzakoa, eta hori garrantzitsua da txapelketa federatuak jokatu ahal izateko. Horregatik, "Segurako eta Idiazabaleko hainbat aditu etorri ziren pista txukun eraikitzera".

Gauzak honela, bolatoki berriak ez ezik, herriko futbol zelaiak eta frontoiak ere etorkizun berria izango dutela aipatu du Iñaki Telleria alkateak: "Kirolaren inguruan talde-lana bultzatzeko asmoa dugu, egun herrian ditugun baliabide berriak probestuz eta gure herriari bizia emanez".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!