Elkarrizketa

«Izen aldaketa soila izan da, orain arteko proiektuekin jarraituko dugu»

Asier Imaz 2021ko abe. 9a, 11:59

Ez da hilabete ere Belauntzako alkate kargua hartu zuela Iñaki Telleriak. Bi urte egingo ditu karguan eta  aurreko urteetan udalbatzak egindako lanarekin jarraituko duela esan du.

Silvia Moneoren lekua hartu du Iñaki Telleriak, eta Belauntzako alkatea izango da legealdia bukatu bitarte. «Datozen bi urteetan abian ditugun proiektuekin jarraitzea da nire helburua», esan du. 

Nola hartu zenuen alkate izateko erabakia?
Silviak [Moneo] kontu pertsonalak medio ezin du jarraitu eta zerrendan ni naizenez hurrengoa, niri egokitu zait egitekoa. 

Eta nolakoa izan zen lehen egun hori?
Esango nuke lehen egunak direla errazenak. Kokatzen ari naiz, informazioa biltzen, eta pentsatzen dut geroz eta gehiago jakin, geroz eta lan gehiago izango dudala. Baina badaukat laguntza, bai Silviak eta baita taldeko beste kideek ere asko laguntzen didate, eta asko eskertzen dut. Orain denbora gutxi dut, eta zailena biltzeko eta hitz egiteko tartea hartzea da, joango naiz pixkanaka martxa hartzen.

Orain arteko proiektuekin jarraituko duzue?
Izen aldaketa soila izango dela esan beharra daukat, orain arteko proiektuekin jarraituko dugulako. Eskola zegoen tokian etxebizitzak egingo ditugu, duplex moduak izango dira, eta orain hasiko dira obrak. Eta ostatuaren inguruan, futbol zelaiaren ondoan, hamar etxebizitzetako beste proiektu bat dugu eskuartean, oso proiektu polita da. Interesa dutenek udaletxean jaso dezakete informazio gehiago. 

Bizia emango diote herriari. Hori da helburua ezta?
Gure nahia hori da, herriari bizia ematea. Herri txikietan ez da erraza, baina horretan ari gara, gure lana eragitea da. Zentzu horretan badugu beste proiektu bat eskuartean. Izan ere, bolo eta toka federazioarekin hitz egiten ari gara eta aurrerantzean euren egoitza hemen egongo da. Horri lotuta dago abenduaren 19ko inaugurazio ekitaldia ere. Futbol zelaiaren ondoko bolatoki berria inauguratuko dugu eta lehen bola tiraldi ofiziala egingo dugu. 

Boloetarako ohitura dago Belauntzan?
Ohitura handia dago herrian. Udaletxearen ondoan zegoen lehen bolatokia, baina euria dela eta, ez zegoen egoera onean. Berria egin dugu futbol zelaiaren ondoan, eta ohiturarekin jarraitzeko aukera eman nahi dugu, horregatik egin dugu apustua.   

Herriko ostatua da herriari bizia ematen laguntzen den beste elementuetako bat, nola doa Belauntzakoa?
Ez da erraza irekita mantentzea, baina horretan ari gara, saiakera egiten ari gara. Orain irekita dago, oso txukun ari dira lanean, eta oso gustura daude.

Eta zein proiektu gehiago dituzue?
Energia berriztagarrien inguruko lanketa egiten ari gara, herritarrei ahal den zerbitzu egokiena eman ahal izateko. Gasolina hornigailu bat jarri nahi dugu ere Garbigunean, batez ere traktore txikiak hornitu ahal izateko. Eta frontoiari bizia eman nahi diogu ere. Azpiegitura ona dugu herrian eta probetxua atera nahi diogu, horretan ari gara, pilota partidak ekarri nahi ditugu herrira, giroa sortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!