«Nabari da jendeak bazuela herrian taberna bat irekita izateko gogoa»

Irati Saizar Artola 2021ko urt. 13a, 11:58

Belauntzako ostatua berriro ireki denetik, parrilan egindako txuleta da bere berezitasuna; bertako produktuak erabiltzen dituzte sukaldean, etxeko janaria prestatzeko.

Ia bi urtez itxita egon ondoren, hilabete darama zabalik Belauntzako ostatuak. Iruran bizi diren Ana Muñoz eta Amaia Ezeizak hartu dute ostatua kudeatzeko ardura, eta momentuz, «oso pozik» daude izan duen harrerarekin.

Abenduaren 12an ireki zenituzten ateak, pandemia garaian.

Amaia Ezeiza: Ingurukoek ere esaten ziguten ea erotuta ote geunden egoera honetan ostatu bat hartzeko. Baina animatu egin gara.

Ana Muñoz: Guk ere geure buruari galdetu diogu ea ondo egin ote dugun gauden egoeran egonda, baina tira, momentuz oso-oso pozik gaude. Ezagun batek komentatu zidan Belauntzan ostatua itxita zegoela eta aukera ona izan zitekeela hartu eta martxan jartzea. Amaiarekin hitz egin nuen eta horrela animatu ginen.

Ostalaritzan aritutakoak zarete aurretik?

A. E.: Urte asko atzera eginda, lagun batekin batera Anoetako Goikoetxea taberna eduki nuen denbora tarte batean. Geroztik beti aritu izan gara biok ostalaritzari lotutako lanetan.

Hilabete bat daramazue ireki zenutenetik. Zer moduzko hasiera izan duzue?

A. E.: Oso-oso gustura gaude egia esan. Jende asko etorri zaigu orain arte, asteburuak gainezka izan ditugu.

A. M.: Nabari da jendeak bazuela gogoa herrian taberna bat irekita izateko. Izan ere, ostatuaz gain, ez dago beste lekurik kafe bat hartu edo zerbait jateko. Neguan hartu dugu eta pena da terraza ezin dugula nahi beste aprobetxatu, baina lekua zoragarria da.

Gabonekin eman diozue hasiera etapari. Pozik beraz?

A. E.: Jendeak oso ondo hartu gaitu, alde horretatik oso pozik gaude. Bazkaltzera datozen bezeroak ere pozik ateratzen direla esaten digute eta seinale ona da.

A. M.: Uste baino jende gehiago ibiltzen da herrian, mendira etorrita edota paseoan.

A. E.: Beti dauzkagu gainera hamaiketakoa egiteko jakiak: salda, haragi egosia, txorizoa...

Eta otorduetarako?

A. M.: Janari tradizionala prestatzen dugu. Esaterako, bi lapiko berezi dauzkagu babarrunak prestatzeko. Burdinazko egitura baten barruan, goialdean, eltzea jartzen da babarrunarekin, eta behe partean, ikatza sartzen da. Sutan egin ordez, ikatzaren berotasunarekin egiten dira. Bere sakramentu guztiekin zerbitzatu ohi dugu, eta sekulako arrakasta ari da izaten. Gainera, herriko babarruna erabiltzen dugu, bertako baserritar batek ekartzen diguna.

A. E.: Bertako produktuak erabiltzen ditugu, bai. Gazta ere Belauntzakoa daukagu, eta esnea ere herrian bertan erosten dugu, baita arkumea ere.

Zer eskaintza egiten duzue?

A. E.: Astelehenetik ostiralera eguneko menua eman ohi dugu, 12 euroren truke. Ireki genuenean, pixka bat ikusi egin nahi genuen jendeak zer eskatzen zuen, eta hasiera batean plater konbinatuak prestatzen hasi ginen. Orain, ordea, eskaintzeari utzi diogu, izan ere, asteburuetan jende asko datorkigu eta gure berezitasuna parrilan egindako txuleta denez, hor zentratu gara. Parrila ederra daukagu sukaldean, eta parrilaz arduratzen denak sekulako haragia ekarri eta prestatzen digu. Jendea horren bila dator. Esate baterako, asteburuko menuan, urdaiazpiko iberikoa, frijituak, hor tartean etxean egindako kroketa eta muskuiluak, parrilako txuleta, postrea, kafea eta edaria 26,90 euroren truke eskaintzen dugu.

A. M.: Norbaitek haragia jan nahiko ez balu, beti edukitzen dugu arrainen bat aukeran. Baina, normalean, jendea haragia jatera dator. Parrilan aritzen denak berak zerbitzatzen du txuleta mahaira, eta bezeroen aurrean mozten du. Erretilu berezi batzuk ditugu gainera, haragia bero mantentzeko: Belauntzako arotz batek egur zati batzuk prestatu dizkigu eta horren gainean, labean berotutako plater moduko bat jartzen dugu, moztutako haragi zatiak gainean utzi eta jan bitartean haragia bero mantentzeko.

Zein ordutegi duzue?

A. E.: Orain arte egunero irekitzen genuen, baina hemendik aurrera astearteetan itxi egingo dugu eta asteko jai eguna egiten hasiko gara egun horretan. Gainerakoan, 10:00etan irekitzen dugu eta orain 20:00ak arte egoten gara. Ixteko ordu muga aldatzen dutenean, gauetan plater konbinatuak eta ogitartekoak eskaintzen hasiko gara.

Bi urtez itxita egon da ostatua. Aldaketaren bat egin diozue ireki aurretik?

A. E.: Gauza txikiak egin dizkiogu, txukundu gehienbat. Adibidez, Kaiz loradendakoak dekorazioaz arduratu dira, pintatu egin dugu, telebista jarri dugu eta koadro batzuk ere jarri ditugu apaintzeko.

Haurrentzako parke bat ere badu ostatuak.

A. E.: Ostatuaren atzeko zelaia berritu egin zuen udalak 2019an eta haurrentzat jolastoki bat egokitu zuen beheko solairuan. Pandemia egoeragatik, ordea, itxita daukagu orain. Guztia pasatzen denean, eta neurriak arintzen direnean, aukera izango dugu atzeko zelaian mahaiak eta aulkiak jartzeko eta lasai ederrean familia giroan egoteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!